'Itsasoiko' emango dute ostegunean, Euskal Herriko arrantza eta elikadura burujabetza ardatz dituen dokumentala

Onintza Lete Arrieta 2022ko api. 18a, 13:00

Bizilur Herrien Garapenerako Erakundeak ondu du ikus-entzunezkoa. "Eguneko Arrantza gure gizartearen zati baten bizimodua da. Gure herriaren historiaren eta kulturaren zati bat. Ondarea. Nolakoa litzateke Euskal Herria, arrantzarik gabe? Nolakoak lirateke gure arrandegiak, bertako arrainik gabe? Guztion esku dago zer arrain erosi, zer arrain kontsumitu, zer ondare babestu nahi dugun".

Hausnarketa eragin nahi du Bizilur Herrien Garapenerako Erakundearen Itsasoiko. Itsasotik sasoikoa dokumentalak. Ostegunean 19:00etan egongo da ikusgai Aita Mari aretoan, eta arrantza eta Euskal Herria izango ditu ardatz.

"Eguneko Arrantza gure gizartearen zati baten bizimodua da. Gure herriaren historiaren eta kulturaren zati bat. Ondarea. Nolakoa litzateke Euskal Herria, arrantzarik gabe? Nolakoak lirateke gure arrandegiak, bertako arrainik gabe? Guztion esku dago zein arrain erosten dugun, zein arrain kontsumitzen dugun, zein ondare babestu nahi dugun", azaldu dute dokumentalaren teaser-aren azalpenean.

"Ezingo dugu globalizazioa geratu, baina, gure inguruan, gure esku dauden hainbat praktika abiatuz, keinu txikiekin gauza handiak lor ditzakegu. Ildo honetan, elikadura burujabetzak gure herriaren aldeko jarrera bat erakusteaz gain, nortasunaren, lan eremuaren, ingurunearen eta jarduera jasangarrien aldeko apustua bermatzen du. Nolako erosketa egingo dugu hurrengoan arrandegian?".

"Ekimenen bat bultzatzekotan, parte hartuko genuke? Nolako ekimena litzateke egokia gure herrian? Guztion esku dago, eta oraindik badaude honen alde egin ditzakegun gauza asko".