91 urte betetzen dira gaur Euskal Errepublika aldarrikatu zela Zumaian

Baleike 2022ko api. 15a, 10:51
Zumaian Euskal Errepublika aldarrikatu zuen aktaren zati bat. Argazkia: Zumaiako Artxiboa

Gaurko egunez, duela 91 urte, Zumaiako Udalak, aho batez, Euskal Errepublika bat aldarrikatu zuen mozio baten bitartez. Espainiako Errepublika ezarri eta egun bat geroago egin zuen Zumaiako Udalak aldarrikapen hori, 1931ko apirilaren 15ean, garai hartako zinegotzi guztien adostasunarekin.

Apirilaren 12an egindako hauteskundeek Alfontso XIII. erregea boteretik kentzea lortu zuten, monarkiarik gabeko estatua defendatzen zuen alderdiak irabazi baitzuen. Bigarren Errepublika 1931ko apirilaren 14ean aldarrikatu zen, baina ezaguna da Eibarren aurreko egunean altxatu zutela hiru koloretako bandera.

Baina, zer gertatu zen Zumaian. Ereiten Kultur Zerbitzuek Zumaiako artxiboan jasotako dokumentuak erabiliz 2016. urtean udalerako egindako artikulu batean jasotzen duenez, "Euskal Herriko herri askotan gertatu zen bezala, Zumaiako udalbatzar berriak monarkiarik gabeko estatu baten eskaera gainditzen zuen Euskal Errepublika defendatzen zuen. (...) Horrela, 1931ko apirilaren 15ean Zumaian Euskal Errepublika aldarrikatzea eta erabakiaren berri Errepublikako behin-behineko gobernuburuari jakinaraztea adostu zuten".

Hurrengo egunetan erabaki gehiago ere hartu zituztela zuen gogoan artikulu hark: "Lau egun beranduago beste udalbatzar bat egin zen, behin betiko udalbatzar errepublikanoa aldarrikatuz eta apirilaren 15ean erabakitakoa berretsiz. Egun horretan gainera, ordura arte Alfontso XIII. etorbidea izenez ezagutzen zena Errepublikaren etorbidea izendatzea eta Primo de Rivera Eskola Taldeari Arrangoleta Eskola Taldea izena jartzea erabaki zen".

"Abertzaleentzat aro berri baten esperantza ekarri zuen II. Errepublikaren aldarriak; estatua egituratzeko modu berri baten esperantza eta honekin euskal nazioa eraikitzeko bidearena", gaineratzen zuen artikuluak. "Errepublika aldarrikatu eta gutxira, bide hori aldarrikatzen zuen alkate mugimendua hasi zen Euskal Herrian".

Ekitaldia Azpeitian

Pasarte hori ezagutzera eman nahian, "eta Euskal Errepublikaren beharra gaur egun ere aldarrikatzeko", Naziogintza Taldeak ekitaldi ireki bat egingo du maiatzaren 7an, eguerdiko 12:00etan, Azpeitiko Herriko Plazan. "Azpeitiarrak, zumaiarrak, eta Euskal Herriko herritar guztiak gonbidatuta daude. Izan zirelako gara, garelako izango dira".