Itsas bitxien aterpeak

Gonzalo Torre / Geoparkeko ingurumen koordinatzailea 2022ko api. 15a, 08:51

Iragan abuztuan Deba-Zumaia arteko Biotopoko mareartekoan aritzeko baldintzak zorroztu zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak eta, handik aurrera, arrantza bakarrik ez, erabilera publikoa ere mugatuta dago zenbait kasutan. Aipatutako Biotopoa izendatu zenean zeresan eta polemika handia sortu zituen bertako bi erreserba guneek, eta horiek aintzat hartuta, artikulu honetan itsas eremuak babesteko formulak aztertuko ditugu.

Lehorrean gertatzen den bezala, itsas aldeko balio handiko lekuak zaintzeko premia ere badago, eta toki horien ezaugarri ekologikoak behar bezala gordetzeko babeslekuak izendatu ohi dira. Espainiako Estatuan babes hori modu ezberdinetan ematen da eta naturagune horiek deklaratzea hainbat erakunderen esku dago. Alde batetik, arrantza edo itsaski erreserbak daude; hau da, itsas baliabideen ustiapena iraunkorra izan dadin, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak edo autonomia erkidegoek ohiko arrantza tokietan ezartzen dituzten eremu mugatuak. Bestalde, itsas eremu bateko baliabide naturalak eta prozesu ekologikoak egoki mantentzeko itsasoko eremu babestuen sareak daude, autonomiek edo Trantsizio Ekologikorako Ministerioak hala erabakita.

Azken multzo horretan Europako Natura 2000 Sareko tokiak daude, batez ere, baina badaude autonomia erkidegoek izendatutako guneak ere. Horietan kokatu beharko genuke etxe ondoko biotopoa edo Gaztelugatxekoa. Bi biotopo horiek aipatzea ez da kapritxoa; izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko mailan itsasoko eremua arautzen duten babesgune bakarrak dira.

Itsas erreserbak

Esan bezala, itsas erreserbak gune bereziak dira, eta arrantzarako intereseko baliabideak modu iraunkorrean ustiatzea dute helburu. Normalean, ohiko kaletako eremu zehatzetan babes neurriak ezartzen dituzte eta, besteak beste, arrantza intereseko espezieen ugalketa baldintzak hobetzea eta haien kumeen biziraupena hobetzea izaten dute xede. Bada, ia salbuespenik gabe, itsas erreserbek ondoko kalak nabarmen berreskuratzea dakarte. Zergatik? Babesgunearen barruan ugalketa babestuta izan duten espezieak gero kanporantz sakabanatzen direlako.

Espainiako Estatuan 33 itsas erreserba daude, eta Galiziak Coruñan izendatutako bi itsaski erreserba eta Andaluzian beste bi kenduta, halako eremu ia guztiak Mediterraneo itsasoan daude. Nabarmentzekoa da Balear Uharteen kasua, Estatuak edo autonomia erkidegoak izendaturik, irletan 13 itsas erreserba baitaude. Beste erreserbak Kanarietan, Katalunian, Murtzian edo Valentziako erkidegoan daude.

Espainiako Estatuan Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak izendatutako itsas erreserbak (Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioa)

Guneok kudeatzeko arauei erreparatuta, arrantza profesionalak mugak ditu (denboran edo espazioan), itsaspeko arrantza gehienetan debekatuta dago eta urpekaritza baldintzatuta, baita itsasontziak ainguratzea ere. Bestelako erabilerei dagokienez,  alde nabarmenak daude erreserba batetik bestera.

Natura 2000 Sareko tokiak

Natura 2000 Sareak Europako bi direktiba ditu oinarri, Hegaztiena eta Habitatena, hain zuzen. Haien arabera, estatuek ekosistemak eta hegaztiak babesteko lekuak proposatu behar dituzte, Europa mailan naturagune babestuen multzo erraldoi bat osatzeko. Natura 2000 lehorreko eremuek osatzen dutela dioen ideia orokorraren aurrean, aipatutako bi direktibek itsas espazioak ere babestu behar direla agintzen dute. Estatu bakoitzean sarearen garapen maila askotarikoa da eta Espainiako Estatuan azken berrikuspena 2020. urtean egin zen. Orain arte, 100 bat eremu daude izendatuta.

Itsas erreserben kasuan ikusi dugun bezala, Espainiako Estatuko itsasoko Natura 2000 Sareko espazio gehienak Mediterraneoan edo Kanarietan daude, eta Atlantiko aldekoak % 10 inguru baino ez dira. Dena den, naturaguneak izendatzeko eskumenarekin lotutako paradoxa bat aipatu behar da; izan ere, Kantauri itsasoko hegoaldeko fatxadan itsas puska bat biltzen duten beste espazio ugari dago, baina haiei autonomia erkidegoek ezin izan diete itsas babesgune izaera aitortu; botere hori Estatuaren esku baitago. Horietakoak dira, esaterako, Bizkaiko Gaztelugatxe, Kantabriako Ribadesella eta Tinamayor itsasadarrak, Asturiasko Villaviciosa inguruko ikniten aztarnategiak edo kostalde aurreko Avilésko urpeko arroilen sistema.

Alabaina, datu horiek Frantziako Estatuarenekin alderatuta, kontrastea nabarmena da. Nahikoa da esatea ipar Euskal Herrian kostako Natura 2000ko 7 babesgune daudela, azalera handiagoko edo txikiagoko itsas eremu bat barne hartzen dutela, eta guztiak dira hala sailkatutako itsas babesguneak.

Hortaz, Kantauri itsasoan Natura 2000 Sareko 12 itsas eremu daude. Horietatik 6 (bost ipar Euskal Herrian) Habitat direktibaren araberako Kontserbazio Bereziko Eremuak (KBE) dira, eta beste erdia (bakarra hego Euskal Herrian), berriz, Hegaztien direktibak ezarritako Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuak (HBBE) dira:

KBE

  • Txingudiko badia.
  • Euskal kosta harritsua eta haren itsas aurrekoa.
  • Abadiako eremua eta euskal erlaitza.
  • Donibane Lohizune eta Miarritze arteko itsaslabarrak.
  • Urdazuri ibaia (estuarioa, bartak eta errekastoak).
  • El Cachucho Babestutako Itsas Eremua eta Kontserbazio Bereziko Eremua (Asturias)

HBBE

    • Bidasoaren estuarioa eta Hondarribiko badia.
    • Miarritzeko arrokak: Bouccalot eta arroka biribila.
    • Mundakako itsasadarra eta Ogoño lurmuturreko itsas eremua.
    • Portiosko uhartetxoen, Conejera Irlaren eta Mouro Irlaren itsas eremua (Kantabria).
    • Peñas lurmuturreko itsas eremua (Asturias).
    • Candelaria lurmuturraren, Ortigueira itsasadarraren eta Estaca de Bares lurmuturraren itsas eremua (Galizia).

Zerrendako azken lau horiek, gainera, itsas eremu babestuen OSPAR sarean daude, Parisen 1992an Atlantikoaren ipar-ekialdeko itsas ingurumena babesteko hitzarmenaren arabera deklaratutakoak.

Isla de Mouro (Kantabria). Iñaki Pérez de Albéniz (CC-BY-2.0)

EAEko babesguneak

Orain arte, EAEko naturaguneak 1996ko Euskal Herriko Natura Babesteko Legearen pean izendatu ohi dira, eta arautegi horren arabera, babestutako guneak Parke Naturalak, Biotopo Babestuak edo Zuhaitz apartekoak izan dira. Edonola ere, 2021eko abenduan Euskadiko natura ondarea kontserbatzeari buruzko Legea argitaratu da eta indarrean jarriko den momentutik –2022ko apiriletik aurrera– babestu nahi diren guneen izendapenak eta deklaratzeko prozedurak aldatu egingo dira.

Gaztelugatxe eta Aketx (Ander Abadia CC BY-SA 4.0)

Hala, 1996ko legea aplikatuz, hiru izan dira EAEko kostaldean izendatutako guneak eta hirurak Biotopo Babestuak dira: Gaztelugatxe, Inurritza eta Deba-Zumaia tarteko itsasertza. Zarauzko Inurritzakoa lehorreko eremua bakarrik babesten du, baina beste biek itsasalde bat  biltzen dute barnean. Hortaz, Gaztelugatxen, irlen ingurua, itsaslabarrak eta gertuko hondartzak babestu ziren, baita urpeko hondoak ere. Guztira, 158 ha inguru dira, gehienak itsasaldean.

Deba-Zumaia tarteko Biotopoan ere itsasaldeko zatia lehorrekoa baino handiagoa da, eta Biotopo osoaren % 87 hartzen du barne. Gainera, Aizpuntatik Aizbeltzera eta Sakonetako Puntatik Aitzuriko Puntara, bi itsas erreserba daude, izen horrekin Kantauri itsasoko bakarrak. Hala ere, hasierako Mediterraneoko itsas erreserbekin alderatuta, bi eremu horien azalera oso txikia da, 141 hektarea inguru, Biotopoko azaleraren % 3,75 baino ez.

Babesguneen kopurua handitzeko beharra

Deba-Zumaia tarteko Biotopoaren itsas babeseko zona oso handia da, 3.752 hektareakoa, hain zuzen, baina horren barruko itsas erreserbako guneek hartutako azalera huskeria hutsa da. Esan bezala, azalaren % 3,75 da eta Biotopoko kostaldeko lerroaren bosten bat. Beraz, EAEko itsasertzean, Gaztelugatxeko eremua ere batuta, gizakion jarduerarako (arrantzarako, urpekaritzarako, itsasontziak ainguratzeko...) mugatutako azalera ez da 300 hektareatara heltzen. Eta ustearen kontra, Biotopoaren gainerakoan itsaski bilketa edo kirol arrantza ez da gure kostaldeko edozein lekutarako araututakoaren desberdina

Hendaiako bikiak. Davik Villafruela CC BY-SA 3.0

Biodibertsitateari eta arrantzatik bizi diren profesionalei erreparatuta, itsasoko guneak babestearen onurak ukaezinak dira. Hala baieztatu da munduko bazter askotan eta horregatik gure inguruan gune gehiago izendatzeko eskaerak ugaritu dira. Esaterako, Hendaian itsas erreserba bat ezartzeko edo Jaizkibel aurreko itsas hondoak Natura 2000 Sarean sartzeko; baita Ondarroako 12 milia ekimenak bultzatutakoa ere. Azken honek arrantza jasangarria sustatzen du eta arrantza jardueratik babestutako itsas erreserbak sortzea beharrezkotzat jotzen du.

Puntu honetara helduta, hausnarketarako argudio bat. Izan ere, isileko arrantza edo itsaski bilketak norberak eguneroko janaria bilatu behar zuen garaien kontua dirudi. Gaur egun, itsasoko gehiegizko ustiapena ikusirik eta itsaspekoa denon ondarea dela kontuan harturik, ezikusiarena egin eta beste aldera begira jar gaitezke?