Ehundik gora proposamen jaso ditu aldundiak Zumaian

Juan Luis Romatet 2022ko api. 5a, 10:24

Azpiegiturak eta ingurumena dira zumaiarrei gehien arduratzen dieten gaiak, Markel Olano ahaldun nagusiak Iñaki Ostolaza alkateari azaldu dionez.

Parkeak hobetzea, aire libreko igerilekuak egitea, ingurumena errespetatuko duen gizarte hain kontsumista ez izatea, joan-etorriko txartelak izatea trenetan zein autobusetan, edo ikastolek txikitatik genero berdintasuna bultzatzea. Gipuzkoako Foru Aldundiak Zumaian jasotako 106 proposamenetatik lagin txiki bat besterik ez dira aurrez aipatutakoak, eta Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok atzo Iñaki Ostolaza alkateari transmititu zizkionak.

Etorkizuna eraikiz programaren barruan, aldundiak herriz herri erabiltzen duen kapsulajarri zuen iazko urriaren 27an Beheko plazan zumaiarrek Gipuzkoaren etorkizunera begira dituzten ideiak, egitasmoak eta proposamenak jasotzeko. Programa hori martxan egon den denboran 3.000 proposamen inguru jaso ditu aldundiak lurralde osoan zehar, eta horietatik 106 Zumaian jaso zituen. Kopuru handia dela azpimarratu zuen Olanok Ostolazarekin batera egindako agerraldian, "are gehiago Zumaiak duen biztanle kopurua kontuan hartuta. Garbi ikusten da Zumaiak baduela bere parte hartze bidea, eta herritarrak horren partaide direla".

Atzoko bileran, herriko proiektu nagusien inguruko ikuspegiak partekatu zituzten bi agintariek. Bi erakundeen arteko elkarlan lerroei buruzko analisia ere egin zuten, eta kapsula horren bitartez jasotako proposamen eta iritzi nagusiak aztertu zituzten. Besteak, beste, herriko azpiegiturei (bildutakoen %28,9), ingurumenaren zaintzari (%13,3) eta gizarte babesari lotutako (%12,3) proposamenak jaso ziren iazko urrian Zumaian. Horien ondotik, mugikortasunean (%9,3) eta berdintasunean (%8,2) aurrera egiteko proposamenak egin zituzten zumaiarrek. Turismoari, euskarari, kulturari, zahartzaroari, osasunari edo gazteei lotutako ideiak ere jaso zituzten.

Eskuorria_Zumaia by baleike

Iritziak entzun

Olanok nabarmendu zuenez, "ezinbestekoa" da herritarren iritziak eta ideiak entzutea, eta "gizartean pil-pilean dauden beharrizan, balio eta proposamenak jasotzea". Horretarako, lurraldeko 21 herri eta unibertsitateko lau campus bisitatu zituen egitasmoa "tresna eraginkorra" dela azaldu zuen. Ibilbide honetan jasotako ekarpen guztiak foru erakundearen aurrekontuen prozesuan kontuan izango direla ere azpimarratu zuen Olanok.

Iñaki Ostolazak, bere aldetik, adierazi zuen proposamenak aztertu eta kontuan hartuko dituztela. "Herrian jaso diren proposamen batzuk udalari dagozkio, beste batzuk aldundiari, eta badira beste batzuk Jaurlaritzari dagozkionak", esan zuen Zumaiako alkateak.

Etorkizunera begira herrian egiten ari diren proiektuen berri ere eman zion alkateak diputatu nagusiari. Horien artean dira, esaterako, kiroldegia eraberritzeko aurreproiektua edo kultur arloan San Jose komentua kultur topagune bihurtzeko proposamena. Horiez gain, Mariantongo parkea berritu eta estalpe bat egiteko lanketa egiten ari direla ere adierazi zion Ostolazak Olanori.