22. Korrikan herritarrek ateratako argazkiak jaso nahi ditu Baleike.eus-ek

Baleike.eus 2022ko api. 5a, 09:11

Korrikaren 22. edizioko uneren batean, han edo hemen, zumaiarrek ateratako argazkiak jaso nahi ditu Baleikek, bilduma bat osatzeko. Egitasmoa bukatu bitartean, zumaia@ukt.eus helbide elektronikora bidal ditzakete herritarrek irudiak.

Martxan da 22. Korrika, eta hiru egun baino ez dira gelditzen Zumaiatik igarotzeko. Dagoeneko Euskal Herriko txokoren batean izan zarela euskararen alde lasterka egiten? Ostiralean Zumaian egingo duzula korrika? Une horiek guztiak jaso nahi ditugu, eta horretarako, zuen laguntza behar du Baleike.eus-ek.

Baleikek argazki bildumak eta bideoak egingo ditu ostiralean, Korrika Zumaiatik igarotzen denean, baina herritarrek bidalitako irudien bilduma bat ere osatu nahi du. Horrenbestez, euskararen aldeko egitasmoaren aurtengo edizioa bukatu bitartean ateratako argazkiak zumaia@ukt.eus helbide elektronikora bidal ditzakete herritarrek.