Eraberrituta datoz Neona izenpean

Maria Maya Manterola 2022ko mar. 29a, 09:30
Ezkerretik eskuinera: Arruti, Izagirre, Mendizabal, Rodriguez eta Insua. (Ibai Arrieta)

‘Mundu berri bat’ bederatzi abestiz osatutako bilduma kaleratu du Neona musika taldeak. Urtebetetik gora grabatzen jardun ondoren, estudiotik eszenatokietara egingo du salto. Orion eskainiko du lehen kontzertua. 

Aspalditik ezagutzen dute elkar neonatarrek, baina proiektu berria esku artean eta itxuraldatuta egin dute jauzia. Mundu berri bat izenpean atera dute bederatzi abestiko bilduma. 

Abesti batek ematen dio izena kaleratu berri duten diskoari. Orain arte landu ez dituzten melodiak esploratu dituzte lan berrian, eta sormen prozesuan izan duten esperientzia hori izan da taldekideek deskubritu duten "mundu berria". Izan ere, Oihana Rodriguez teklatu jotzaile zumaiarraren arabera, "musikaren mundu desberdinetatik datoz taldekideak". Haren hitzetan, "beraien mugetatik ateratzen ikasteko" balio izan die horrek. Rodriguezekin batera osatzen dute Neona Ixak Arruti (gitarra) eta Natali Izagirre (ahotsa eta gitarra) usurbildarrek; Gorka Mendizabal (bateria) zarauztarrak eta Andres Insua (baxua) azpeitiarrak.   

Bederatzi abesti bildu dituzte diskoan: zortzi abesti eta horietako baten, –Non kantuaren– bertsio akustikoa, hain zuzen ere. Agerikoa da taldekide bakoitzaren ukitua, estilo eta erritmo ezberdinak gurutzatu baitituzte abestietan. "Gospel bat daukagu koro batekin, beste abesti bat dantzagarriagoa, pop estiloko bat ere bai... Baina badute lotura beraien artean", azaldu du Rodriguezek. 

Ideiei tiraka

"Kaotikoa" izan da sormen prozesua, Rodriguezen esanetan. Izagirrek egiten ditu letrak, eta guztien artean sortzen dute musika. "Etxeko lanei garrantzia handia ematen diegu. Normalean norbaitek ideia bat eramaten du, eta gero, ideia horren gainean entseguetan egiten ditugun ekarpenekin osatzen da kantua".  

Kaki Arkarazok grabatu du Neonaren lehen lana, Andoainen, Garate estudioan. 2021eko otsailan hasi ziren grabatzen. "Ez ziren garai onenak albuma kaleratzeko, eta ez geneukan nahi beste denbora lanari eskaintzeko". Bizpahiru astetan grabatzea da ohikoa, baina hiru txandatan egin dute beraiek. "Otsailan hiru abesti, udan hiru eta Gabon hauetan beste hiru. Ona izan da abesti bakoitza lantzeko espazioa izan dugula, eta oso ondo landuta daudela, baina egia da proiektu osoaren nozioa galdu dugula", dio. Rodriguezek azaldu du "desesperatzeko modukoa" dela hainbeste denbora lanean igaro eta erakutsi ezin izatea. 

Kolaborazio zenbait izan dituzte: lehen singlean, Urrun noa kantuan, Izaki gardenak taldeko abeslari Jon Basaguren izan dute bidelagun; Itsututa eta Non II piezetan, berriz, AMAE hari laukotea gehitu dute –bi biolin, biola eta biolontxeloa–; eta On my own gospel abestian, lau abeslarik parte hartu dute koruak egiten.

Ilargiaren fase berria

"Ilargi berria" da musika taldearen izenaren esanahia. Eta eraldaketari egin nahi izan diote keinua: "Ilargia betidanik dago hor, baina behin eta berriz jaiotzen da. Guk geuk ere jaiotza berri bat izan dugu". 

Izan ere, Neona taldearen lehen lana kaleratu berri dute, baina aspaldi hasi ziren taldekideak elkarrekin jotzen. Natali Izagirre taldekideak ematen zion izena orduan taldeari (Natali). "Proiektu pertsonal bat zen. Bigarren diskoarekin lanean jarri behar ginenean konturatu ginen denok geundela oso inplikatuta, eta taldearen osasunerako onena aldatzea zela", dio Rodrigezek. Izenak kanpora begira islatzen du aldaketa hori, baina badu beren jardunean ere eragina: "Lan egiteko modua, azken finean, ez da berdina; taldearen izenarekin neureago sentitzen dut proiektua. Guretzat balio izan du hobeto funtzionatzeko".  

Estudiotik oholtzara salto

Plataforma digital guztietan entzun daiteke diskoa. Zumaiako Nikol tabernan eta Usurbilgo Aitzagan erosi ahal izango dira, baita Neona taldearen sare sozialen bidez kontaktatuta ere. 

Dena den, lana orain kaleratzearekin asmatu dutela uste du Rodriguezek, "hobetzen doalako kontua". Kontzertuak emateko aukera gehiago izango dituztela uste du aurten. 

Pandemia garaian kontzertuak egon, egon direla uste du Rodriguezek, baina "publikoa ziurtatuta zuten taldeenak". "Azken finean, baldintza horietan, bai taldeak eta bai kontzertua antolatzen duenak ezer galdu ez dezan, gutxieneko entzulego bat izan behar duzu", azaldu du musikariak. Berarentzat arazo nagusia da ez dagoela guztientzat lekurik: "Hau ez da kulturara bideratzen diren laguntzen arazoa. Kontua da ez dagoela guztiontzako lekurik, eta beraz, asmatu behar duzu zure lana promozionatzen". 

Kontzertu batzuk lotu dituzte dagoeneko: Odolaren mintzoa taldearekin batera Orioko Etxeluze gaztetxean ariko dira apirilaren 2an, Mutrikun 9an, eta Donostiako Doka antzokian ekainean. "Hasiberriak gara, eta ezin ditugu besterik gabe kontzertuak eskatu, ez gaituzte eta ezagutzen. Ea kontzertu horiek gure lana zabaltzeko balio duten. Ahal bezain beste jotzea da nahi duguna", esan du Rodriguezek.