Rockaren piztiak hiru buru ditu

Aritz Mutiozabal 2022ko mar. 25a, 10:00
Ion Sarasketa, Christos Foufounis eta Abraham LarraƱaga. Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea

The Grace of Dionysus talde zumaiarrak kontzertua emango du larunbatean, 20:00etatik aurrera, Beheko plazan. Kimera izeneko diskoa grabatu berri du hirukoteak, eta hango abestiak zuzenean entzuteko aukera izango da. Martxoko Baleike aldizkarian elkarrizketatu genituen. Hemen irakurri daiteke erreportajea.

“Animalia mitologiko bat da, lehoi burua, akerraren gorputzeko zatiak eta suge isatsa duena”. Kimera zer den azaltzen ari da The Grace of Dionysus musika taldeko baxu jotzaile Abraham Larrañaga, Christos Foufounis abeslari-gitarristak eta Ion Sarasketa Saras bateria jotzaileak adi jarraitzen dioten bitartean. Hirukotearen hurrengo diskoaren izenburu hori jarriko diote, nahiz eta zalantza txiki batzuk zituzten grafia kontuekin: Kimera, Khimera ala Quimera izan behar duen. “Euskaraz jarriko diogu, bada? Kimera, bai. Aurreko lana ere Krekin idatzi genuen eta [Katharsis, 2018]”.

Eta zer berezitasun du Greziar garaiko alegiazko munstro horrek lan berrian kontzeptu gisa hartzeko? “Amalgamaren ideia horrek erakarri gintuen. Rocka sortzeko eta ulertzeko dugun gure modua kontuan izanda, gure abestiak entzundakoan hainbat estilo etorriko zaizkio burura jendeari. Gure estilo propioan rockaren historiako arrastoak nabari direlako”, nabarmendu du baxu jotzaileak. Aldi berean, abestiek karga ironikoa dutela gaineratu du. “Izan ere, letrek egiten dute zeharkako kritika bat egunero bizi ditugun alderdi batzuen inguruan. Ikusten dira nolabaiteko kimera batzuk, ilusio zenbait, baina ia modu distopikoan bezala”.

Lau urte gorabeheratsu pasatu dira taldearen ibilian Katharsis argitaratu zutenetik, baina azkenean The Grace of Dionysus taldearen disko berria labetik ateratzear da. “Aurrekoa baino zuzenagoa da. Gitarraren doinua lehen baino astunagoa da orain, fuzz soinu saturatua daukalako, eta, alde horretatik, gogorragoa dirudi”, aurreratu du Foufounisek. Kantuak konposatzeko garaian aldaketa bat egon dela nabarmendu dute taldekideek. Sarasen arabera, “askotan kostatu egiten da talde batek bere estilo propioa lortzea, eta uste dugu lan honekin mugarri horretara iritsi garela”.

Melomanoak dira. Musikazale amorratuak, eta horren haritik, hainbat estilorekin jolasten dira, betiere rockaren oinarri sendoari leial. Abeslariaren esanetan, “egun ditugun abestien leloak lirikoagoak edo melodikoagoak dira, eta hobeto abes daitezke. Zenbait gauza aldatu dira, baina gure izaerari eusten diogu”. Azken finean, baxu-jotzaileak arrazoitzen duenez, “gauza bera egiten dugu, baina ematen dizun sentsazioa da rockeroagoa dela”.

Zuzenagoak orain

Dena modu naturalean atera dela dio hirukoak, ez dela zerbait behartua edo berariazkoa izan. Askotariko estilo eta generoak nahastea gustuko dute, hainbat erritmo txertatu, eta denboraren poderioz, sinpletzera jo dute konposatzerakoan, “baina horrek ez du esan nahi lan errazagoa denik”. Aurreko diskoaren aldean, Kimera lanean agian ez daude hainbeste aldaketa drastiko, eta, alde horretatik, “abestiak freskoagoak eta zuzenagoak” direla diote taldekideek.

Abestien luzeran ere aldaketa egon da: oraingoak laburragoak dira. Aurreko diskoko abestiak lauzpabost minutukoak ziren eta baten bat sei minutukoa. Lan berriko piezak hiruzpalau minutukoak dira, batez beste; izan ere, laburrenak bi minutu eta erdi ditu eta luzeenak lau minutu pasatxo. “Alde horretatik, jendeak entzuteko errazagoak dira”.

Behin gauzak laburrago eta zuzenago egiten hasita, bost abestiz osatutako iraupen ertaineko diskoa ondu dute. Zestoako Gaztain estudioan grabatzen aritu ziren urtarrileko azken astean, Eñaut Gaztañaga soinu teknikariaren gidaritzapean. Nolabait esateko, iragarritako itzulera baten istorioa izan da. “Katharsis argitaratu genuenean, kontzertu dezente eman genituen urtebete pasatxoan, eta 2020an estudiora sartzeko asmoa geneukan iraupen ertaineko disko bat grabatzera, baina 2019ko amaiera aldean trafiko istripua izan nuen nik eta guztia bertan behera utzi behar izan genuen”, gogora ekarri du Sarasek.

Ondoren, pandemia etorri zen, eta murrizketen eraginez, Udalak lagatzen dien entsegu lokaletara joan gabe egon ziren denbora luzez. “Usadio zaharreko taldea gara gu, eta lokalean sortzen ditugu abestiak, guztiok batera, ekarpenak elkarrekin partekatuz eta eztabaidatuz”, arrazoitu du bateria jotzaileak. “Ez gara bakoitza bere etxean grabatu eta elkarri pasatzen aritzen den horietakoak. Momentuan egiten dugu egin beharrekoa”, gaineratu du Foufounisek. Hori horrela, luzatu egin zaie estudiorako buelta.

Katharsis diskoaren grabazio prozesuan izandako esperientzia onaren ondoren, Kimera jasotzeko orduan berriro ere Eñaut Gaztañagarekin gogoratu dira. “Ezagutzen gaitu eta dena errazteaz aparte, ideiak ematen ditu”, diote taldekideek. Larrañagak egun haiek ekarri ditugu gogora: “Abestiak ongi landuta eraman genituen estudiora, eta egia esan ez zuen zailtasun handirik izan prozesuak. Gainera, Eñautekin oso ongi egiten da lan, giro oso atsegina jartzen du, eta  abestiak diren bezala jasotzen ahalegintzen da”. Azken emaitza bost munstro hauek osatzen dute: Point Zero, Little wizards, Joker smile, I’m feeling good eta Inside.

Abesti guztiak ingelesez dira, eta taldeko abeslari nahiz gitarrista Christos Foufounisek idatzitakoak dira. Gogotsu agertu da kantu bakoitzaren ifrentzuan dagoen mezua kontatzera, Pandoraren kutxa zabaltzera balihoa bezala. Taldearen ofrenda bat da Point Zero, eta Robert Johnson bluesmanaren bidegurutzea gogora ekartzen duen abesti bat dela dio. “Nahiko anbientala da”. Little wizards beti besteen zain egoteari buruzkoa da: “Abesti honetan azti txikiari laguntza eskatzen dio lagun batek, eta honek ez dio laguntzen. Azken finean, zuk zeuk egin behar duzu zeure buruagatik”. Biolentziari eta egungo mundu bortitzari buruzkoa da Joker smile kanta: “Badirudi irtenbide bakarra biolentzia biolentziaren aurka erabiltzea dela”. I’m feeling good mantra ironiko bat da, eta abeslariaren esanetan, “pasatu dugun miseria guztiaren ondoren, dela COVID-19 dela gainerako arazo guztiak, tipo bat zerutik erortzen da eta  I’m feeling good, and I feel so fine esaten du. Berak ere sinesten ez duen mundu perfektu baten ironia da”. Azkenik, Inside abestia geratzen da: “Betiko moldeko maitasun istorio rock and rolleroa da”.

Zuzenekoetara buelta

Une honetan, hainbat zeregin dituzte esku artean, abestiak grabatzearekin ez baita bukatzen musika talde baten egungo egitekoa: diskoaren diseinuarekin dabiltza lanean Javier Rodriguez donostiarrarekin; kontzertuak topatzen ari dira, diskoa txukun aurkezteko zuzenean, eta asmo dute euskal lurralde bakoitzean kontzertu bana jotzea; eta, era berean, Little wizards abesti singlearekin bideoklipa grabatu nahi dute. Kimera diskoa udaberrian plazaratuko dute, apirilaren bukaera edo maiatza hasiera aldera. “Gainera, begiratzen ari gara zer euskarri digitaletan argitaratu diskoa. Era berean, pentsatu dugu biniloan kaleratzea, baina aztertu behar dugu denbora, kostuak eta gainerako gauza guztiak. Hori ere neurtu egin behar da pixka bat”, azpimarratu du baxu jotzaileak.

Behin diskoa kalean, kontzertuetan aurkezkea tokatuko da hurrena. Kultur eskaintza oraindik ere nahiko geldo dago, baina pixkanaka suspertzen ari da.  “Bi urteko pandemiaren ondoren, oraintxe da mugitzen hasteko unea. Badirudi hasi dela mugimendua, eta uda begira jaialdi ugari antolatzen hasi dira jada. Jaialdi berriak ere iragarri dituzte. Egia da saturazio handia egongo dela, musika talde guztiek itzuli nahiko dutelako oholtza gainera. Horren adibide da disko ugari argitaratzen ari direla. Baina borroka horretan sartu beharra daukagu, zirkuitu horren barruan sartu, eta kontzertuak lortu ahal den moduan”, taldearen helburuen berri eman du Sarasek. “Dena dela nik uste dut gure tokia izango dugula Euskal Herrian, nahiz eta pandemiak dezenteko mina egin duen aretoetan”.

Zalantzarik ez dago The Grace of Dionysus zuzenekoetako animalia dela, kontzertuetan erakusten dituela bere benetako atzaparrak. “Energia gara mugimenduan”, laburbildu du Larrañagak: “Erritmo handia dugu, funketik ere asko dugu, eta power trio baten zuzenekoaz gozatzeko aukera ezin hobea eskaintzen dugu. Hiru lagun gara dena ematen agertoki gainean”. Kimera bat agertoki gainean, bakoitza bere berezitasunarekin. “Rockaren piztia hiru bururekin”, biribildu du abeslariak.

Berehalakoan taldekide bakoitzaren izaera greziar mitologiako munstroarekin pareka ditzakezu: Christos Foufounisek lehoiaren presentzia grinatsua du, Ion Sarasek akerraren adarkadekin erasotzen du eta Larrañaga pazientea da, baina egoerak eskatzen duenean sugeak bezala isurtzen du pozoia. “Lehenik eta behin diskoa aterako dugu, eta ondoren kontzertuetan zukutuko dugu, guk geuk topera goza dezagun, baina baita jendeak ere”. Rockak basatia izaten jarraitzen duen seinale.