Herriko elkarteetako kideek udal aurrekontuetarako proposamenak egin ahal izango dituzte ostegunean

Baleike 2022ko mar. 21a, 15:30

Auzoetako behar eta proposamenak jaso ondoren, herriko elkarteetako kideekin batuko dira ostegunean. Martxoaren 31ra bitarte jasoko dituzte proposamenak, aurrez aurre, postontzietan edo 'online'. 

Udalak 2023ko eta 2024ko udal aurrekontua herritarren artean eztabaidatu eta erabakitzeko partaidetza prozesua abiatu zuen otsailaren amaieran. 

Joan den astean auzoetako behar eta proposamenak lantzeko saioa egin zuten, eta aste honetan, ostegunean, herriko elkarteetako kideei emango diete hitza. Bilkura 18:00etan izango da, Alondegiko Oxford aretoan. Dena den, herritar guztiei eman nahi diete ekarpenak egiteko aukera. Martxoaren 29rako egin dute azken saio ireki horren deialdia. 

Martxoaren 31ra bitarte izango da proposamenak egiteko aukera, taldeka zein bakarka. Ostiralean Saregileen plazan jarriko duten postuan, postontzietan –udaletxean, kiroldegian, Alondegian, Gizarte Zerbitzuetan edo Oikiako Eskolan edo elkartean– edo online,  partaidetza.zumaia.eus webgunean izango da horretarako aukera.