Zumaienakoak Galizian izan dira beraien hezkuntza proeiktua aurkezten

Aitziber Arzallus 2022ko mar. 20a, 14:00

Egunotan Pontevedran egiten ari diren Haur eta Gazte Literaturaren XXIII. Nazioarteko Topaketara gonbidatu dituzte zumaiarrak, eta han izan dira ikastetxeko hiru ordezkari. 

Egunotan Haur eta Gazte Literaturaren XXIII. Nazioarteko Topaketak egiten ari dira Galiziako Pontevedra hirian, eta Euskal Herria da herri eta kultura gonbidatua. Hori horrrela, Euskal Herriko zenbait idazle, sortzaile eta hezitzaile gonbidatu dituzte topaketa horietara; horien artean, Zumaiena ikastetxeko kideak. Hain zuzen ere, Zumaienako hiru kide izan dira ikastetxeko ordezkari gisa, eta beren hezkuntza proiektua aurkezteko aukera izan dute.

Bueltan azaldu dutenez, topaketen inaugurazio ekitaldian euskara eta euskal musika eta dantza entzuteko aukera ere izan zuten Pazo da Cultura delako auditoriumean, eta Pontevedrako bizitza eta kultur ekintzak ezagutzeko aukera izan dute han egin duten egonaldian. "Hezkuntza munduko erakundeekin hitz egin eta harremanak sustatzeko balio izan digu esperientzia honek, eta aurrerantzean ere, ilusioz jarraituko dugu gure hezkuntza proiektua aberasten".