Eduki babestua

Martxoaren 15ean amaituko da Sarralle enpresaren Urola Talent egitasmoan izena emateko epea

baleike 2022ko mar. 11a, 18:06

Eskualdeko ingeniaritza ikasleen gradu eta master amaierako proiektuak sarituko ditu Sarrallek. 5.000 euroko saria emango diote master amaierako proiektu onenari, eta 2.000 eurokoa gradu amaierako proiektu onenari.

Sarralle industria ingeniaritzako enpresak Urola Talent egitasmoa jarri zuen martxan urrian, Urola eskualdeko ingeniaritzako ikasleen gradu amaierako eta master amaierako proiektu onenak saritzeko, eta asteartean, martxoak 15, amaituko da egitasmoan izena emateko epea. Interesatuek honako lotura honetan dute horretarako aukera.

Sarralleko edozein ingeniaritza-departamentutan egindako lanak dira baloratuko eta sarituko dituztenak. Proposatutako proiektu guztietatik hamar aukeratuko ditu Sarrallek. Hamar lan horiek 2022ko uztailaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira Sarralleko giza baliabideen sailean, eta, ondoren, Sarralleko epaimahai baten aurrean agertu beharko dira lan horiek, 2022ko iraila baino lehen.

Urola Talenten parte hartzeko ezinbestekoa izango da karrera osoa gaindituta izatea –gradu amaierako edo master amaierako proiektuaren faltan–, eta ingeleseko B2 maila edukitzea. Master amaierako proiekturik onenak 5.000 euroko dirusaria jasoko du, eta enpresan kontratatua izateko aukera. Gradu amaierako lanik onenak, berriz, 2.000 euroko saria jasoko du, baita kontratua izateko aukera ere, betiere irabazleak ikasten jarraitzea erabakitzen ez badu.