Errusiak Ukrainan egindako ekintza militarrak "irmotasun osoz" arbuiatu ditu Udaleko bilkurak

Juan Luis Romatet 2022ko mar. 11a, 15:00

Ukrainako gerra ere hizpide izan zuten ostegun arratsaldean egindako ezohiko bilkuran. EH Bilduk eta PSE-EEk aurkeztutako proposamena aztertu eta bozkatu zuten; EAJk beste proposamen bat aurkeztu behar zuen gai honen inguruan, baina azken unean aztergaietatik erretiratu zuen. Proposamena ahobatez onartu zuten.

Proposamenak jasotzen duenaren arabera, bilkurak "irmotasun osoz" arbuiatzen ditu Errusiako Federazioak Ukrainan egindako ekintza militarrak. "Justifikaziorik gabeko erasoa da, eta Europako segurtasuna eta egonkortasuna ahultzen ditu".

Borrokak berehala gelditzeko ere eskatzen du plenoak, eta armada errusiarra Ukrainatik erabat erretiratzeko. "Ukrainaren subiranotasuna eta lurralde osotasuna erabat babesten eta errespetatzen ditugu eta dei egiten dugu Minskeko akordioetara itzultzeko".

Horrek guztiaz gain, Ukrainari eta hango herriari "erabateko elkartasuna eta estimua adierazten diegu. Bizien galera deitoratzen dugu, eta atsekabe sakona agertzen dugu biktimengatik eta herritarren alferrikako sufrimenduarengatik. Sentimendu hori Zumaian bizi den komunitate ukrainarrari ere helarazi nahi diogu".

Europar Batasunari eskatzen diote "beharrezko laguntza finantzarioa eta humanitarioa eskaintzeko Ukrainari eta Ukrainako herritarrei, nazioarteko komunitate osoarekin koordinatuta". Larrialdiko erantzun humanitarioan ahaleginak areagotzea eskatzeaz gain, "Errusiari gogorarazten diogu nazioarteko zuzenbide humanitarioa errespetatzeko betebeharra".

Gerrak eragindako errefuxiatuak ere gogoan izan ditu bilkurak. Zentzu horretan, Europar Batasunari, Estatu espainiarrari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diete "ahalik eta azkarren antolatzeko, eraso militar horrek eragindako errefuxiatuak ahalik eta baldintzarik onenetan hartzeko". Bide batez, "premiazkotzat" jotzen dute Ukrainako errefuxiatuak gurean hartzeko erakunde publiko ezberdinen artean koordinatutako planean aurrera egiten jarraitzea.