Eskaintzen duten zerbitzua hobetzeko eskatu die Zumaiako Udaleko bilkurak banketxeei

Juan Luis Romatet 2022ko mar. 11a, 15:04

Bankuek beraien zerbitzua hobetzeko eskatzen zuten bi mozio aztertu zituen atzo Zumaiako Udaleko ezoihiko bilkurak: pentsiodunen plataformak –EH Bilduren bidez– aurkeztutakoa bat, eta EAJk eta PSE-EEk aurkeztutakoa besteak. Biak ala biak onartu zituen plenoak.

Hego Euskal Herriko beste udalerri batzuetan bezala, banketxeek eskaintzen duten zerbitzua hobetzea hizketagai izan zuten atzo egindako ezohiko bilkuran. Gai horren inguruko bi proposamen izan ziren mahai gainean: pentsiodunen plataformak aurkeztutakoa lehena, eta EAJk eta PSE-EEk prestatutakoa bestea. Pentsiodunek beraien kabuz aurkeztu ezin zutenez, EH Bilduren udal taldearen bitartez eraman zuten aztergaietara. 

Pentsiodunen bozeramaile Bittor Bengoak arrazoitu zuen proposamen hau plenora eraman izana. Bere hitzetan, "askotan lotsa sentitzen dugu banketxeek herritarrei oro har, eta bereziki adinekoei ematen dieten tratua ikusita". Horretaz gain, "oso keztatuta" daudela ere azaldu zuen, "erakutsi diguten jarrerarekin, beren praktika txarrengatik". Gogoratu zuen banketxeek "milaka milioi" jaso zituztela "porrot ez egiteko", "itzuli ez dituztenak". "Abusuzko klausulak" handitu izana ere gogoratu zuen, "batez ere behartsuenei kalte eginez".

"Banku etikoago, gizatiarrago eta zuzenago baten ezinbesteko premian gaudela sinesten dugu, eta ziur gaude hori ezin digutela eskaini banku pribatuek eta beraien enpresa beharrak. Baina bai pertsonak erdigunean jarriko duen banku publiko batek", amaitu zuen esanaz pentsiodunen bozeramaileak. 

EH Bilduk aldeko botoa eman zuen. Iñaki Ostolaza alkatearen esanetan, "eskaintzen dituzten zerbitzuak gutxitu egin dituzte banketxeek, eta zerbitzu horiek handitzea eskatzen diegu". Askok eta askok, bereziki adinekoak, pairatzen duten arrakala teknologikoari neurriak hartzeko ere eskatu zuen. Horretaz gain, pentsiodunek aldarrikatzen duten banku publikoaren alde ere badaudela azaldu zuen alkateak.

Bai EAJ, bai PSE-EE abstenitu egin ziren. Iker Mardarasek (EAJ) adierazi zuenez, pentsiodunen proposamenean jasotzen diren puntu batzuekin ados daude jeltzaleak, beste batzuekin ez hainbeste. "Alde gaude esaten denean zer zerbitzu eskasa eskaintzen duten banketxeek, baina ez dugu uste banku publiko batek zerbitzua hobetuko duenik".

Arritxu Marañon (PSE-EE) bozeramailearen esanetan, pentsiodunek aurkeztutako proposamena "itxia" zen, hau da, "ez zuen aldatzeko aukerarik ematen. Proposamenean jasotzen den %80aren alde gaude, baina ez %100arekin, eta horregatik abstenitzen gara".

EAJ eta PSE-EEren proposamena

Jeltzaleek eta sozialistek gai horren inguruko proposamen komun bat aurkeztu zuten. Iker Mardarasek laburbildu zuenez, "zerbait komuna" aurkeztu nahi izan dute. "Proposamen honekin ados egoteko neurriak jartzen ditu mahai gainean". EAJko bozeramaileak azaldu zuenez, "uste dugu [banketxeek] kalitatezko zerbitzua eman behar dutela, adin guztietako pertsonei zuzenduta, eta presentziala (...) ez soilik digitala, burbuila analogiko bat ere mantendu beharko luke".

Kolektibo zaurgarrienak kontuan hartzeko enfokea zabaldu behar zela ere adierazi zuen Mardarasek, "ez banketxeetan bakarrik, baita erakunde publikoetan eta beste sektore pribatuetan ere".

EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako bigarren proposamen hau ahobatez onartu zuen bilkurak.