Udaleku irekietako begirale eta koordinatzaile postuetara aurkezteko epea bihar amaituko da

Maria Maya Manterola 2022ko mar. 9a, 13:30

Eskaera udaletxean bertan zein telematikoki egin ahal izango dute hautagai izan nahi dutenek.

Udan egin ohi diren udaleku irekietarako koordinatzaile eta begirale postuetarako oinarriak eta deialdia argitaratu zituen Zumaiako Udalak joan den hilean, eta bihar, osteguna, izena emateko azken eguna. Eskaera udaletxean zein telematikoki egin ahal izango dute hautagai izan nahi dutenek.

Udaleku irekien helburua da 3-12 bitarteko haurrentzat "gozamen espazio ludikoa eskaini eta horiekin balioak lantzea, hala nola, euskararen sustapena, autonomia pertsonala, berdintasuna edota elkarbizitza".

Merezimenduak baloratuak izateko, ezinbestekoa izango da hautagaiek, eskaera orrian (I. Eranskina), idatziz jasotzea lehiaketan kontuan hartzea nahi dituzten merezimenduak. Eskaera orrian jasota ez dauden merezimenduak ez dira baloratuko.

Eskaeran aipatzen dituzten merezimenduak egiaztatzen dituzten agirien fotokopiak, aldiz, (titulu, lan-esperientzia eta bestelakoak) Udalak dokumentu hauek bere esku ez dituen kasuetan bakarrik aurkeztu beharko dituzte. Ondorioz, berriak diren agiri edo tituluak bakarrik aurkeztu beharko dira, aurrez Udalean aurkeztu ez direnak.

Lan-esperientzia ziurtatzeko kontratu laboralaren fotokopia aurkeztuko da edo erakundeak egindako ziurtagiria, eta bertan lanpostua eta iraupena era egokian jaso beharko da, bestela ez da kontuan izango.

Begiraleen lan eskaintzaren informazioa hemen eskuratu daiteke, eta koordinatzaileena hemen.