Baleikeren harpideek onura izango dute aurtengo errenta aitorpenean

baleike 2022ko mar. 9a, 08:00

Urolako Komunikazio Taldeko (UKTko) hedabideak lehentasunezko jardueretan sartu ditu aldundiak, eta ondorioz, harpideek %30eko hobaria izango dute errenta aitorpenean. Ogasunak jakinarazpena igorriko die harpidedunei.

Gipuzkoako Foru Aldundiak interes orokorreko xedeen esparruan lehentasunezkotzat jotzen diren jardueren zerrenda bat egiten du ekitaldi bakoitzeko, entitate onuradunak zein diren eta jarduera horiei zer beharkizun eta baldintza bete behar dituzten zehaztuta. Euskararen esparruko lehentasunezko jardueretan herri eta eskualde mailako euskarazko hedabideak zehazten dira. Horiek horrela, UKT-k kooperatibako hedabideak lehentasunezko jarduera izendatzeko pausoak eman zituen, eta horiek onartuak izan dira. Ondorioz, Baleike, Maxixatzen, Uztarria, Karkara, eta Urola Kostako Hitza lehentasunezko mezenasgo jardueretan sartu dira.

Mezenasgoa

Entitate onuradunek, kasu honetan Baleikek, Uztarriak, Karkarak, Maxixatzenek eta Urola Kostako Hitzak, 2021eko urtean zehar zenbait jarduera eta programa egin zituztela adierazi dute, iazko mezenasgoko lehentasunezko jarduerak aitortuz eta ezarritako betebeharrak betez. Horrela onartu dute diputatu nagusiaren foru dekretu bidez.

Beraz, Baleike, Maxixatzen, Uztarria, Karkara, eta Urola Kostako Hitzaren harpidedunek, 2021. ekitaldian egindako ekarpenaren araberako onura fiskala jasoko dute aurtengo errenta aitorpenean.

Hau da, tokiko hedabideetako harpideek 40 euroko ekarpena egin zuten, eta horren %30 bueltatuko die ogasunak aurtengo errentan. Urola Kostako Hitzaren kasuan ere berdin, harpideek 79 euroren %30 jasoko dute. Onura hori onartua izan dela dioen gutun bat jasoko dute harpideek etxean. Gutun hori jakinarazpena besterik ez da; Ogasunak gutun horretan adierazten du datuak zuzenean gurutzatu dituela eta, beraz, harpideek ez dute inongo izapiderik egin beharko.

Baliteke daturen bat oker egotea jasotako gutunean, eta kasu horretan, Urolako Komunikazio Taldeak jakinaraztea eskertuko luke (bazkide@ukt.eus e-postara mezua bidaliz), datuak zuzendu ahal izateko.