Lopez eta Goikoetxea aurrez aurre Winter Serieseko ligaxkako azken partidan

Juan Luis Romatet 2022ko ots. 28a, 09:34

Jai Alai Winter Series txapelketaren ligaxkako azken partida jokatuko da gaur Gernikako frontoian. Bi puntistak aurrez aurre izango dira B multzoko sailkapena erabakiko duen partidan.

A multzoko sailkapena behin erabakita, B multzoko ligaxkako azken partidua jokatuko dute gaur Gernikako frontoian. Iñaki Osa Goikoetxea eta Aimar Aldazabal, Jokin Arbe eta Imanol Lopezen aurka arituko dra. Bi gipuzkoar eta bi bizkaitar, nahasian. Partidu honen ondoren jakingo da zer bikotek jokatuko dituzten txapelketako finalerdiak. A multzoko biak dagoeneko erabakita daude Erkiaga-Zabala eta Olharan-Etcheto. 

B multzoan gauzak zail dituzte Arbek eta Lopezek. Bi set eta huts irabazi behar dute, lau puntu lortu eta gutxienez hiruko berdinketa lortzeko. Baina horrekin ez dute nahikoa. Tanto-averagea sartuko litzateke jokoan berdinketa hori hausteko eta  Goikoetxea-Aimar eta Beaskoetxea-Aldazabal bikoteek zenbaki hobeak dituzte.

  • Goikoetxea-Aimar: + 11 tantu
  • Beaskoetxea-Aldazabal: -1 puntu
  • Arbe-Lopez: - 10 puntu

Zaila izanda ere, Arbek eta Lopezek eskura dute finalerdietara sailkatzea. Beaskoetxeak eta Aldazabalek ordea, partida kanpotik jarraitu beharko dute, eta emaitzari itxaron, finalerdietan izango diren ala ez jakiteko. Behin gaurko partida amaituta, tantoetan ere berdinketa badago, elkarren arteko lehiei begiratu beharko zaie. Beaskoetxeak eta Aldazabalek irabazi egin zuten Arbe eta Lopezen kontra, eta galdu Goikoetxea eta Aimarren aurka. 

Gaurko jardunaldirako sarrerak dagoeneko agortu dira. Beraz, giro bikaina izango da gaur Gernikan. Norgehiagoka ETB-1ek emango du 22:30etik aurrera.