Abelin Linazisoro hil da

Baleike 2022ko ots. 23a, 10:18

Zumaiako zine forumaren bultzatzailea, idazlea, aktorea, ekintzailea, euskaltzalea, herriko historia eta herritarren kontakizunak biltzeko lanaren egilea. Hori dena eta gehiago izan da Abelin Linazisoro.

1942an jaioa, 79 urterekin hil da bart Abelin Linazisoro Azkue. Gazterik hasi zen antzerkigintzan, eta  parte hartze zuzena izan du Zumaiako kultur mugimenduan. 1990eko hamarkadan oso ezaguna egin zen Euskal Herri osoan, Goenkale telesailean Xatur pertsonaiaren paperean egindako lanarengatik; Baleike aldizkariaren zortzigarren zenbakian elkarrizketa egin zitzaion horren inguruan. 

Hamar urteko tartean, 1995etik 2005era bitartean, hiru nobela idatzi zituen: Axun, Iraganean galdua eta Aitortza. Gehienbat amodiozko kontuak, abertzaletasuna eta herri txikietako bizimodua landu zituen lan horietan.

Azpimarratzekoa da Baleike aldizkarian 2004an hasi eta 2009ra bitartean Gure Zumai Zarra atalean egin zituen elkarrizketak, adineko 18 zumaiarrek kontatutakoak xehetasun handiz eraman zituelako paperera. Imanol Azkuek Linazisorori berari elkarrizketa bat egin zion atal hori ixteko, eta bere Zumaia zaharra nolakoa izan zen kontatu zuen hiru zenbakitan.

Ahotsak.eus egitasmoaren ere egin zioten elkarrizketa, eta 23 pasarte bideoan jasota eta ikusgai daude. 

Antzerkigintzan eta bereziki zinemaren munduan lan asko egin zuen herrian: zine-forum saioak antolatu zituen 19 urterekin, 1970eko hamarkadan Aita Mari zinemarekin batera sortu zen zine-forum taldean parte hartu zuen, Ostarrena taldea bultzatu, etab.

 

Abelin Linazisoro by baleike

 

Goenkaleren inguruan ere elkarrizketatu genuen Baleiken 1995. urtean. Hemen irakurri daiteke.

Abelin Goenkalez 1995 by baleike on Scribd

Ahotsak.eus gunean ere elkarrizketatu zuten. Hemen entzun daiteke.

Erlazionatuak