Zkoop programa abiatu dute, ekonomia soziala sustatzeko asmoz

Juan Luis Romatet 2022ko ots. 15a, 17:00
Alberdi, Julio, Ostolaza eta Udabe, programaren aurkezpenean. (Juan Luis Romatet)

Elkarlangune edo ‘coworking’ espazio bat sortuko dute Gurrutxaga plazako gizarte zentroan . Jardunaldi irekiak eta formazio saioak egingo dira martxotik aurrera.

Eusebio Gurrutxaga plazako gizarte zentroan coworking edo elkarlangune espazio bat sortzeko pausoak eman ditu Udalak. Olatukoop sarearekin elkarlanean, "ekonomia sozial eraldatzaileak ardaztuko duen elkarlanerako espazio bat sortzea" izango da ekimen honen helburua, udal arduradunek eta Olatukoopeko ordezkariak iragarri dutenez.

ZKoop izena jarri diote programa honi, eta gaur aurkeztu dute gizarte zentroan bertan Iñaki Ostolaza alkateak eta Maider Alberdi zinegotziak, eta Olatukoopeko kide Leire Udabek eta Gorka Juliok. Ostolazak gogoratu duenez, legealdi hasieran zehaztu zuten halako espazio bat sortzeko asmoa. "Eredu desberdinak aztertzen aritu gara, eta Olatukoop sarearekin elkarlanean espazio hau sortzea erabaki dugu".

Programaren bultzatzaileek gaineratu dutenez, elkarlangune honek funtzio anitzak izango ditu. Batetik, ekintzaileentzako lanerako espazio izateaz gain, "Herriari eta herritarrei ekarpen bat egingo dien espazio moduan irudikatzen dugu. Hau da, lanerako gune izateaz gain, formaziorako eta sinbiosi berriak sortuko diren leku bat izatea nahiko genuke". "Ekintzailetza sozial kooperatiboa eta ekosistema kooperatiboak sustatzea" da programa honen asmoa, sustatzaileen esanetan, "tokiko garapen eraldatzaile baterantz abiatzeko".
Maider Alberdi zinegotziak azaldutakoaren arabera, programa hau ekonomia sozialaren baitan proiektuak garatu nahi dituzten herritarrei, edo ekonomia mota honetan aritzen diren herriko eragile eta elkarteko kideei zuzenduta dago; baita hezkuntza munduko kideei, herriko eta eskualdeko enpresei eta, orokorrean, ekonomia sozialean interesa duen herritar orori.

Programaren berri emateko, jardunaldi irekia eta formazio saioak egingo dira martxoa eta apirila bitartean. Ekonomia sozialerantz izeneko jardunaldi irekia martxoaren 2an egingo da, 18:00etatik 20:00etara bitartean, gizarte zentroan. Programaren aurkezpena egiteaz gain, ekosistema eraldatzaileak sortu dituzten hiru lekutako esperientziak entzun ahal izango dira. Hizlariak Biziola elkartea, Goierri eraldatzeneko Naroa Elortza eta Agurtzane Allur; Azpeitiko Josu Labaka; eta Aiaraldea Ekintzen Faktoriako Gartzen Garaio izango dira.

Formazio saioak

Martxoaren 7tik apirilaren 4ra bitartean, proiektu profesional bat edo ekimen sozioekonomiko bat martxan jarri nahi dutenei zuzendutako ikastaroa emango da. Bost saio egingo dira, astelehenetan, 17:00etatik 20:00etara bitartean, gizarte zentroan. Formazio saio hauetan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurrez izena ematea, zkoop@olatukoop.eus helbidera idatzita. Edozein zalantza argitzeko, 645 71 95 19 telefono zenbakira deitu daiteke.

Saio hauek amaitu ondoren, bizpahiru proiektu aukeratuko dituzte, eta bidelaguntza izeneko faseari ekingo diote. Aurkezpenean iragarri zuentez, ideiak proiektu bihurtzeko tutoretza eskainiko zaie aukeratutako proiektu horiei.
Bitartean, proiektua hartuko duen espazioa atonduko du udalak gizarte zentroan. "Proiektua sustraitu ahala, gunea handitzeko aukerak aztertuko ditugu aurrerago", gaineratu dute.