Komentua biziberritzen: bigarren jaiotzerako lehen urratsak

Maria Maya Manterola 2022ko ots. 12a, 09:16
Argazkia: Maria Maya Manterola.

2009tik hutsik dago Zumaiako Alde Zaharraren erdian dagoen eraikina. Zumaiako Udalak eta herriko eragileek espazioa biziberritzeko lehen urratsak eman dituzte, ordea. San Jose Komentua sormenerako gunea izateko bidean, egin beharreko egokitzapenen, kudeaketaren edota erabileraren inguruan egin dute gogoeta azken hilabeteotan.

Urtarrileko aldizkariko erreportajea webgunean irakur daiteke orain.

Hamabi urte igaro dira mojak Komentutik joan zirenetik. Ordutik, eraikinari erabilera emateko proiektu ugari jarri da mahai gainean, baina Marina Bidasoro Zumaiako kultur zinegotziaren arabera, ez zuten arrankatu. Azken bi urteotan, ordea, proiektuari heldu diote Zumaiako Udalak eta herriko kultur eragileek, eta oraindik pauso batzuk falta badira ere, zehaztu dituzte oinarriak: dantza, antzerkia eta musikaren aterpe, eta aldi berean, Alde Zaharra biziberritzeko erreminta.

Azaroko plenoan onartu zuten Komentuko eraberritze lanak egiteko lehen diru partida, eta proiektuaren aurkezpena ere egin zuten abenduaren 9an, Komentuan bertan. Bidasorok azaldu du, dena den, udal gobernura heldu zirenetik ari direla Komentuko proiektuan lanean. Herritarrekin batera egin nahi zuten bide hori: “Duela 30 urte halako proiektuak egiten ziren arkitektoen kabinete batean sartuta eta politikoen artean erabakiak hartuta. Parte hartzeko prozesuek indar handia hartu dute jendearen eta politikoen arteko distantzia mozteko bitarteko gisa, eta argi geneukan horrela egin behar genuela”. 

Udal gobernuak musika, dantza eta antzerkiarekin lotutako espazio bat sortzeko asmoa zuen, Komentua Kultur Topagunea, alegia. Kultur eragileekin bildu ziren hasteko eta behin, haien iritziak jasotzeko. “Denbora asko ez geneukan, proiektu hau dirulaguntza batzuetara aurkeztu nahi genuelako. Baina hainbat saio izan genituen haiekin proiektuaz hitz egiteko. Txosten batean jaso genituen haien nahiak eta iritziak, eta horrekin hasi genituen proiektua urbanistikoki egiteko pausoak”, dio Bidasorok. Miriam Romatet kultur teknikariak, ordea, gehitu du prozesu paralelo asko izan dituztela. Izan ere, eraikina babesteko neurriak hartzeko azterketa egin baitute aldi berean. 


Miriam Romatet eta Marina Bidasoro.

Izan zena ahaztu gabe

Aldundiko Kultura sailera jo zuen horretarako udal gobernuak. “Fisikoki babestu beharreko hormak, leihoak eta abar aztertu zituzten, baita ukiezina zena ere”, dio Romatetek. Haren hitzetan, “bizitzeko modu baten oroitzapena” gorde behar da espazioa birmoldatzeko orduan. Bidasoro ere bat dator: “Laurehun urtean izan denaren memoria eta esentzia gorde behar dugu”, dio. Orain, esaterako, Komentuaren ondoko dorretxe baten arrastoak geratzen ote diren aztertzen ari dira. Eremu batzuk bere horretan utziko dituzte, vis a visena eta tornua, esaterako. Eraikina babestearen kontua, ordea, ez da oztopo izan udal gobernuarentzat, memoria lantzeko “aukera bat” baizik. Izan ere, Komentua babestuta dago, eta Donejakue bideko katalogoaren parte da.

Kultur arloko eragileak espazio bakar batean biltzeak dituen onurak nabarmendu ditu kultur teknikariak. Udalaren bitartekaritzarik gabe, uste du “elkarrekin egon eta koordinatzeko” benetako aukera dela: “Espazioak elkarbanatzeak eta batak bestearen berri izateak aberastasuna ekarriko digu. Tirabirak ere bai, seguruenez, hasieran egokitu beharko direlako. Ikusi beharko da nola arautu. Barne araudi bat beharko da, eta ikasiz joan beharko dugu. Hau ez da sei hilabetean ikasiko dugun gauza bat izango”. Romateten hitzetan, “ohiturak aldatzea” beharrezkoa da horretarako.

Horixe izango dute orain hizketagai eragileekin: kudeaketa. Romateten arabera, “polita” izango da prozesu hori, baina lan handia emango die, “apustu handia” delako “herriko eragile potenteenak” koordinatze hori. Bidasorok dio kultur eragileek erabiltzen dituzten eraikin ugari dituela Udalak, baina harreman horiek sakontzeko gakoa izango dela espazio bakar batean biltzea. Gainera, eragileak ahalduntzeko balioko du horrek: “Eragileei eta beraien iritziari indar gehiago emango diegu horrela, eta erabakien aldetik ere paper garrantzitsuagoa izango dute. Iruditzen zaigu hori beraientzat eta denontzat izango dela ona, ez izatea Udalaren menpe egongo den beste talde bat”. 

Kultur arloari aterpea emateaz gain, oro har, herriari ere ekarpen handia egingo diola uste du Romatetek: “Alde Zaharrari bizia emango diola uste dugu, eta hori oso albiste ona da, badaukalako premia”. Bidasorok gehitu nahi izan du erabilera anitzeko bi gela ere izango direla Komentuan, herriko taldeek bilerak, erakusketak edota hitzaldiak antolatzeko erabili ahal izango dituztenak. 

Azkenekoz ekainean elkartu ziren eragileekin proiektuaren inguruko segimendua egiteko, eta aurrekontuen udalbatzarrean diru partida bat onartu zela jakinarazi zieten taldeei gero. Obrak noiz hasiko diren jakitean elkartuko dira berriz ere, Bidasororen hitzetan, egoeraren berri eman eta hurrengo pausoei buruz informatzeko. 

Dena den, bitarte horretan kultur ekitaldiak egiteko erabiltzea gustatuko litzaioke Romateti: “Xixili Eguneko musika eskolaren kontzertua lorategian egin nahi genuen. Egunak oso laburrak dira, eta ez genuen aukerarik izan. Udaberrian nahi dugu. Obra hasiera bitarte horretan ohitura bihurtu nahi dugu etortzea, merezi du”. 

Etorkizuneko Komentura bisita

Zetabi arkitektura bulegoko Aitor Zubiak eman ditu proiektuaren zertzelada teknikoak. Zubiaren hitzetan, eraikinak bere balioa du, baina berri samarra da, XIX. mendekoa. Balio nagusietako bat erabileraren berezitasuna da, eta orain arte ondo kontserbatu izan da, Zubiaren arabera. Historia eta erabilpena ondo kontserbatu izana eraikinaren eraberritze proiektuan lantzen saiatu dira Zetabiko arkitektoak; erabilpeneko ezaugarri horiek mantentzen. 

Gaur egungo kanpoko perimetrotik hiru sarrera izango ditu eraikinak berak; gaur egungo biei beste bat gehituko zaio. “Orain arte publikoak izan diren bi sarrera horiek mantendu egingo dira, kaperakoa eta San Jose kalekoa –Eroskiko zamalanetako gunearen ondoan dagoena–”, azaldu du arkitektoak. Beheko solairuko espazioa –tornua, vis a visen gela…– dagoen bezala utziko dute, baina zorua konpontzeko lan batzuk egingo dituzte. Behe solairu horretan berrikuntza nagusi bat izango da: San Jose kalera ematen duen horma eraitsiko dute eta lorategira eramango duen pasabidea egingo dute. “Gune hori eraikinaren sarrera berria izango da. Gune horretatik, alde batetik, sarrera irisgarria daukagu solairu guztietara, arrapalarekin eta igogailuarekin. Bestetik, lorategira joateko ere balioko du igogailuak”. 

Kapeko sarrera ezaguna du jendeak, baino albo batetik beste sarrera bat gehituko diote. Zubiak azaldu du originalak ez diren elementuak direla moldatuko dituztenak: “Fatxada hori 1958koa da. Ez dugu Zumaian hain barneratuta daukazuen sarrera hori kenduko, baina duela gutxikoa denez, moldatzeko aukera badaukagu. Kaperan ezarriko den auditorioaren erabilera asko hobetu dezakegu horrela”. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare sailarekin kontrastatu ondoren hartu dute erabakia.

Hortik trantsizio gela batera sartu ahal izango da: “Gaur egunean beheko koroa deitzen zaion horretara emango du, elizarekiko paraleloa den espazio batera. Hortik ere auditoriora sartu ahal izango da”. Erabilpena errazteko trantsizio espazio horiek beharrezkoak dira, arkitektoaren arabera. Solairu horretan bertan, jantokia bere horretan mantenduko dute: “Karmeliten komentuan hogeita bat mojarentzako lekua zegoen teorian, eta hemen jaten zuten. Gune berezi modura mantentzeko, sabaia indartsua egin zuten, zutaberik ez jartzeko; habe batzuek eusten diote”. Sabaiko egitura hori indartzea izango da egingo duten aldaketa bakarra. 

Patiora irteera izango du lehen solairu horrek, eta arkitektoak azaldu duenez, ez estaltzeko erabakia hartu dute. Haren hitzetan, barne espazio modura jarriz gero, “eraikinaren xarma eta konfigurazio originala” aldatuko lirateke. Auditorioa eta hari loturiko erabilpenerako espazioez gain, aterpetxea kokatuko dute lehen solairu horretan. Aterpetxeak emango dituen aukerak azaldu ditu Zubiak: “50 pertsona jaso ahal izango ditu. Autobus bete pertsona izan zen neurria: erromesentzat, udan datozenentzat, trukeetarako…”. Patioaren dimentsio bereko plazatxo batera irten ahal izango da aterpetxetik.

Bigarren solairuan kokatuko da Musika Eskola. Korridoreko trenkadak bere horretan utziko dituzte: “Nahiko egitura berezia osatzen dute. Egurrezko entramatua da, baina aldi berean, trenkadak ditu. Bi solairu oso konektatzen ditu. Estetikoki garrantzitsua dela uste dugu, Komentuko elementu ikonikoa baita korridorea”. Zubiak azaldu du antzeko eraikinetan klaustroa egoten dela, baina ez dela Mojaxarren Komentuko kasua. “Gelak elkartzen dituen korridore hori erabiltzen zuten prozesioetarako”. Horregatik mantendu nahi izan dute azken solairuaren egitura. Sabaiko habexken gainean zazpi bat zentimetroko hormigoi kapa gehituko diote, eta, hamabi bat konektorerekin, egitura misto bat osatuko dute: “Beheko parteak zabaltzera egiten du, tira egiten du, eta hor egurrak oso ondo funtzionatzen du; goiko aldeak, berriz, trinkotzera. Hor harriak eta hormigoiak ondo lan egiten dute. Gaur eguneko egiturak lanean jarraitzeko eta horren erresistentzia handitzeko modu bat da”. Gelen banaketari eutsiko diote solairu honetan.


Aitor Zubia, Zetabiko arkitektoa.

Azken pisuan dagoen egutera 1920eko hamarkadan moldatu zen. Bi teilatu ditu eraikinak, elizarena eta eguterarena. Elizarena bere horretan mantenduko dute, elementuak nahiko ondo baitaude. Konponketa puntual batzuk egin, teilaren azpian isolatzeko materiala ezarri, eta kitto. Eguterarena gune berrienetarikoa da, eta moldatu egingo dute: “Herriko taldeei erantzun bat eman behar diegu, baina eraikina errespetatuz. Pentsatu genuen espazialki behar handienak dituzten taldeak hirugarren pisu honetan sartzea. Solairua moldatu beharko genuke, baina hau bakarrik; gainera ez da originala, aurreko mendean moldatu zutelako”. Gela zabalak izango dira, zutaberik gabekoak. Solairuari altuera emateko, altxa egingo dute teilatua, eta gaur egun horma bukatzen den eta teilatua kokatuko den altuera horren artean, sareta bat ezarriko dute. Zubiaren arabera, eguzkiaren argia kontrolatzeaz gain, mojen klausuraren ideia hori iradokiko dute horrela. 

Erronka nagusia, arkitektoaren ustez, taldeen eskakizun guztiak kontuan izatea da, baina, aldi berean, eraikinaren izaera errespetatuta. “Askotan eskaera eraikinaren babesarekin talkan sartzen da, baina hori da horrelako proiektuek duten puntu polita. Uste dut nahiko txukun eman diegula erantzuna eskaera horiei guztiei, betiere, elementu bereziak mantenduta. Barrura sartzen zarenean ezin da berdina izan komentu batean edo pabilioi industrial batean egotea. Ondarean lan egitearen gauza onenetariko bat da zure lanak aurrez izaera bat baduela, eta mantentzen saiatu behar duzula”. 

Sofia Oria, Musika Eskolako kidea

“Aurten izaera juridikoa aldatu dugu eta elkartea kooperatiba bihurtu dugu. Gure beharrak dira irisgarritasuna, gelak egokituta izatea, intsonorizazioa, baliabide teknikoak… Gainera, espazio aldetik nahiko justu gabiltza (horregatik, iaz baimena eman ziguten Musika Bandaren gela erabiltzeko). Komentura joateak behar horiek guztiak aseko dituelakoan gaude. Baldintza egokiagoak izango ditugu espazio aldetik, eta zerbitzu guztiak bateratuta egoteak abantailak emango dizkigu lana edo proiektuak aurrera ateratzerako orduan. Torreberri eta Ubillos erabiltzen ditu Musika Eskolak. Ikasle guztiak espazio berean batzeak denak harremanetan jarriko ditu, eta ikasgela batetik bestera mugitzeko orduan erraztasunak emango dizkie. Eskolaren helburuetako bat herriko kultur eragile desberdinak hornitzea denez, espazio batean egoteak harremana modu naturalean ahalbidetuko du, elkarren arteko sinergiak sortuz, horrek emango dion balio erantsiarekin. Zumaian kultur dinamika handia dago, eta proiektu honekin areagotu egingo da”. 


Mila Bakedano, Astinduko kidea

“Duela hamar urte sortu zen elkartea. Lokal bat utzi ziguten, baina zeharo txikia geratu zaigu. Proiektu handiak baditugu esku artean, leku bila ibiltzen gara, Herri Eskolako gimnasioa erabiltzen, esaterako. Guretzat entseguetarako leku ederra izango litzateke, baita biltzekoa ere. Dena sakabanatuta daukagu. Bulegorik ere ez daukagu. Gure behar horiek beteko dituela uste dut. Kultura sailarekin harreman estua daukagu, baina horrez gain, elkarteen arteko harremanak ere hobetuko direla uste dut. Denak elkarrekin bagaude, erraztu egingo du komunikazioa. Hortik proiektu berri dezente aterako direla uste dut. Normalean saiatzen gara herriko beste elkarteekin lana egiten, eta horretan jarraitu nahi dugu. Gauza politak ateratzen dira. Bizitasuna ere emango dio Alde Zaharrari, eta behar du. Komertzioak ere gero eta gehiago ixten ari dira. Jendea atzera eta aurrera ibiliko da, Musika Eskolako ikasleekin bakarrik… Pentsa! Proiektua denen artean osatu dugu. Eskatu ziguten gure beharrak identifikatzeko, eta horren arabera diseinatu dute. Espero dugu denen beharrak kubritzea. Oso dinamikoa izan da. Kudeaketaren aldetik parte aktiboa izango gara. Itxura ona dauka. Batzorde bat sortuko dugu parte hartzen dugun elkarte guztien artean, eta hor adostuko ditugu gauzak. Ideia hori da, baina martxan jartzen denean ikusiko dugu egokia den edo ez”. 

Esti Curiel, antzerkiko irakaslea

“Komentuko proiektuak kulturgune bat sortuko du, irisgarria, bertan egingo diren ekintzetara egokitutakoa. Horrela, herriak jarduera horietaz gozatzeko espazio duina izango du. Antzerkia sorkuntzatik lantzen dut nik, eta sortzeko espazio egokia izatea garrantzitsua da. Musika Eskolatik ematen ditugun antzerki klaseetara etortzen diren ikasleek ere nabarituko dute aldea. Kulturgune bat sortzea garrantzitsua da herriarentzat: argi dago sinergiak sortuko direla artisten artean, leku berean elkarlanean zaudenean, besteen proiektuen berri jakiteko aukera, zurea partekatzekoa eta elkarrekin lan egiteko aukerak areagotzen direlako. Pasillo, eskailera edota komunetan topo egindako elkarrizketen ondorioz, adibidez. Besteen berri izateko erraztasuna emango digu. Herriko edonorentzat ere kulturgileak non topatzen diren edo non aurki daitezkeen jakiteko egokia izango da. Kuriositatea, interesa edo jakin mina duen edonork nora hurbildu jakingo du, herriko arte eszeniko guztiak, edo desberdinak, behintzat, leku berean izanda, bilatzen duenak errazago aurkituko du berarekin bat datorren hori. Bestetik, antolatuta kontaktuan egoteko aukera izango dugu. Proiektu hau eraikin fisikoaz harago doala uste dut; lantalde bat sortuko da, bakoitza bere esparruan egonda ere bakarrik ez egoteko. Talde babesa izatea lor dezakegula iruditzen zait”.