Lau hitzaldik osatuko dute aurtengo 'Euskara, bestela ez gara' zikloa

Juan Luis Romatet 2022ko ots. 10a, 15:41

Larraina euskara taldeak antolatuta, Euskara, bestela ez gara hitzaldi zikloa egingo da datorren asteazkenean hasi eta martxoaren 30era bitartean. Saio guztiak Alondegia kultur etxeko Oxford aretoan egingo dira, 18:00etatik aurrera. 

"Euskararen erabileran eragiteko helburuarekin" antolatu da hitzaldi zikloa Larraina euskara taldeak. Larrainak COVID-19ak kolpatu gintuen bezperatan hasi zuen bere ibilbidea, eta, azpimarratu dutenez, "zailtasunak zailtasun, eutsi egin diogu erronkari; oraindik pandemiaren ondorioak bizi ditugun arren, eztabaidagai eta elkargune izateko nahiarekin osatu dugu aurtengo egitaraua". Hitzaldiak asteazkenez izango dira Oxford aretoan, 18:00etan, baina hitzaldi batetik bestera 15 eguneko tartea izango dela azaldu dute antolatzaileek.

Lau hitzaldik osatuko dute aurtengo zikloa. Lehenengoa otsailaren 16an izango da eta Topaguneko lehendakari eta dibulgatzaile ezaguna den Kike Amonarriz izango da hizlaria. Nola indartu euskararen gizarte mugimendua? izenburua daraman hitzaldia eskainiko du. "Aurten, kalera atera eta herritarrak kolektiboki elkarrekin aritzeko aitzakia izango dugu, bertan baititugu Korrika eta Euskaraldia. Nola aprobetxatu, ordea, herriko biziera sendotzeko? Zein dira gakoak?".

Plataformak abiada bizian hedatzen ari dira eta horietan euskararen presentzia eskatzeko ekimenak jarri dira abian; hain zuzen ere, Alex Aginagalde irakasleak horien berri emango du martxoaren 2ko saioan. Inplikazioa ere eskatuko du hizlariak; "izan ere, gero eta denbora gehiago ematen ei dugu horien aurrean. Nola egin aurre, ordea, nazioarteko erraldoien joerei? Gizarte mugimendu sendoek lorpenak izan ditzakete bide horretan?

Garbiñe Bereziartuak eta Xabier Azkuek hitanoari buruz hitz egingo dute martxoaren 16ko hitzaldian; lehenak, hizkera modu horrek Euskal Herrian duen esanahiaren eta presentziaren inguruan egindako azken ikerketak aintzat hartuta, eta Xabier Azkuek herriko errealitatea ikertu eta proposamenak egiteko. "Ba ote da aukera erabileraren gainbeherari itzulia emateko?". 

Azkenik, martxoaren 30ean, Ximun Fuchsek kulturan euskarak duen zentralitateaz hitz egingo du, Jon Maiaren gidaritzapean, "funtsean kultura euskaraz, bestela ez gara tesiaren inguruko hitz aspertu artistikoa espero dezakegu denon gozamenerako".