Pilak jasotzeko 70 edukiontzi berri jarriko ditu Urola Kostako Udal Elkarteak kostako bost herrietan

Onintza Lete Arrieta 2022ko ots. 8a, 18:00
Zarauzko Zelai Ondon jarri dute edukiontzi berrietako bat (Aritz Mutiozabal)

Pilak behar bezala ez birziklatzeak ingurumen ondorio kaltegarriak dakartzala gogorarazi du udal elkarteak, eta azaldu du Zarautzen jada jarri dituztela edukiontzi berezi horiek, eta beste herrietan datozen egunetan jarriko dituztela jakinarazi du.

Urola Kostako Udal Elkartearen ustez garrantzitsua da herritarrek pilak behar bezala sailkatzea eta ez botatzea errefusarentzako edukiontzietara. Horregatik, pilak jasotzeko edukiontzi gehiago jarriko ditu Aian, Getarian, Orion, Zarautzen eta Zumaian. Guztira, 70 edukiontzi berri jarriko ditu.

Horiek kolore gorrikoak dira, eta gainerako edukiontzien ondoan egongo dira. Zarautzen jarri dituzte dagoeneko, eta datozen egunetan beste lau herrietan ipiniko dituzte.

Zarautzen egongo dira edukiontzi gehien, 28. Zumaian 14 edukiontzi jarriko dituzte, Orion eta Getaria bosna, eta bat gutxiago, lau, Aian. 56 edukiontzi horiek orain jarriko dituzte, eta beharraren arabera osatuz joango dira gerora, 70era iritsi arte.

500 urtera arteko kutsadura prozesua

Udal elkarteak gogorarazi du pilak behar bezala ez birziklatzeak ingurumen ondorio kaltegarriak dakartzala, eta oraindik "herritar askok" botatzen dituztela pilak errefusaren edukiontzira. Denbora batera, pilek babes-karkasa galtzen dute eta metalak isurtzen direla azpimarratu du udal elkarteak, eta metal horiek lurpeko urak kutsatzen dituztela.

"Adibidez, merkuriozko botoi-pila batek 6.000 litro ur kutsa ditzake eta alkalinozko pilak 167.000 litro inguru. Kutsadura prozesu hori 500 urtetara irits daiteke. Hala, ingurumenean ez ezik, sailkatu gabe jasotako pilek herritarren osasunean ere eragin dezakete", azaldu du.