Martxan da Ikaskuntza Bitartekaritza zerbitzua

Amaia Urbieta Arruti 2022ko ots. 6a, 10:00

2021eko abendutik dago martxan zerbitzua, eta hala egongo da aurtengo uztailaren amaiera arte. Guztiz doakoa da, eta helburua da herritarrak informatzea Lanbide Heziketako ikastetxeetan eskaintzen diren ikastaroei buruz. 

Joan den ikasturtean bezala, Ikaslan Gipuzkoak martxan jarri du Ikaskuntza Bitartekaritza kontsulta zerbitzua Urola Kosta eskualdean; zehazki, Zarautzen eskainiko dute zerbitzua, Gazte Informazio Bulegoan. Ikastaro ugari eskainiko dituzte Gipuzkoako Lanbide Heziketako ikastetxeetan, eta horien inguruko informazioa jarriko dute bertan, eskualdeko herritarren eskura. Guztiz doakoa da zerbitzua, eta "bizitza osoan zehar etengabeko ikaskuntza sustatzea" du helburu, besteak beste. 2021eko abendutik dago martxan zerbitzua, eta haloa egongo da aurtengo uztailaren 31ra arte.

Prestakuntza mota guztien inguruko informazioa eskaintzen dute bertan; prestakuntza formal eta egiaztagarria, ez formal eta ez egiaztagarria, edota etengabeko ikaskuntza prozesuari dagokioona. Bestetik, Ikaskuntza Bitartekaritzak zenbait alorren inguruko orientazio eta aholkularitza zerbitzua ere eskaintzen du, aurrez aurre, online, telefonoz edo posta elektroniko bidez. Astelehenetik asteazkenera, 09:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 17:00etara eskainiko dute zerbitzua, eta ostiraletan 09:30etik 14:30era. Ostegunetan, 09:00etatik 17:00etara egongo da bulegoa zabalik, baina jakinarazi dute "salbuespenezko egoerarik egon ezean", ez dutela zuzeneko arreta zerbitzurik emango.