Zumaiarrek Manddale mendia argiztatzeko aukera izango dute Pirinioetara Bidea egitasmoan

Julene Frantzesena 2022ko ots. 1a, 09:00

Pirinioetako Bidea egitasmoa zapatuan aurkeztu zuten Gure Eskuk eta Kataluniako hainbat eragilek. Burujabetza nahia nazioarteratzeko Pirinioetako 300 tontor argiztatzea da egitasmoaren helburua. Zumaiako bizilagunek Manddalera (574 metro) igotzeko aukera izango dute egun horretan, Azkoitiko, Aizarnazabalgo nahiz Zestoako herritarrekin batera. Dagoeneko eman daiteke egitasmorako izena.

Gure Eskuk eta Kataluniako hainbat eragile sozialek –ANC eta FEEC dira sustatzaileak eta Omnium Cultural zein Artistes de la Republica laguntzaileak– Pirinioetako Bidea egitasmoa aurkeztu zuten joan zen zapatuan Bilbon. Autodeterminazio eskubidea lau haizetara zabaltzea da asmoa, eta horretarako, Pirinioetako 300 tontor argiztatuko dituzte, Higer lurmuturretik Creus lurmuturrera argi lerro bat osatuz. "Pirinioetako Bidea argiztatuz, nazioarteko komunitatearen arreta geureganatuko dugu herrion autodeterminazio eskubidearen alde", azaldu dute egitasmoaren sustatzaileek.

300 tontorretatik 115 euskal herritarrek argiztatuko dituzte; zehazki, Jaizkibel (Gipuzkoa) eta Benasque (Aragoi) artekoak. Gailur horiek, gainera, bitan bereizi dituzte: gailur berdeak eta gailur gorriak. Igoeraren eta jaitsieraren, ibilbidearen, maldaren eta sarbidearen ezaugarrien arabera egin dute bereizketa, eta antolatzaileek zehaztu dutenez, gailur berdeak herritar ia guztientzat dira irisgarriak. 

Gailur berde bakoitzaren arabera banatu dituzte Euskal Herriko herriak, eta Zumaiako biztanleek mendi jakin batera igo beharko dute uztailaren 2an: Manddalera (574 metro), hain zuzen ere. Bortzirietako mendi horretara joango dira, zumaiarrak ez ezik, azkoitiarrak, aizarnazabaldarrak eta zestoarrak ere. Aldiz, Azpeitiari, Beizamari eta Errezili Larhun (905 metro) mendia egokitu zaie, eta Zarautzi, Aiari eta Oriori Xoldoko gaina (360 metro).

Dagoeneko zabaldu dute gailur berde horietara joateko izena ematea, eta edukiera mugatu dute, "masifikazioa saihesteko eta ingurumena zaintzeko". Pirinioetara Bidearen antolatzaileek esan dutenez, egitasmoaren egunean mezu argia bidaliko dute Pirinioetatik mundura: "Katalanek eta euskal herritarrok libre eta burujabe izan nahi dugu, gure etorkizuna erabaki nahi dugu, eta herritarron borondatea entzun eta errespeta dadin eskatzen dugu. Ez gehiago, baina ezta gutxiago ere".