Lan erreformaren kontrako elkarretaratzea egingo dute asteazkenean GKN lantegiaren aurrean

Julene Frantzesena 2022ko urt. 31a, 19:00
Lan erreformaren alde hainbat sindikatuk deituta atzo Bilbon egin zuten manifestazioko irudia.

Lan erreformaren kontrako elkarretaratzeak deitu dituzte hainbat sindikatuk asteazkenerako. Lan zentroen atarietan egingo dituzte bilkurak, baina zenbait kontzentrazio ere deitu dituzte. GKN lantegiaren aurrean elkarretaratuko dira.

Espainiako Gobernuak onartu nahi duen lan erreformaren kontrako elkarretaratzeak deitu dituzte ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuek asteazkenerako. Lan zentroen atarietan egingo dituzte kontzentrazioak, Espainiako Gobernuak, CCOO, UGT eta CEOEk adostu duten itunarekiko desadostasuna agertzeko, baita beste hainbat lekutan ere. Elkarretaratze horietako bat GKN enpresaren atarian izango da, 10:00etan, enpresa batzordeko LAB eta ESK sindikatuek deituta.

Protesten deitzaileek azaldu dutenez, Espainiako Gobernuak onartu nahi duen lan erreformak 2010 eta 2012 urteen arteko lan erreformen hezurdura “mantentzen” dute. “Langile klasearen pobretzea helburu zuten ia tresna guztiak mantenduko dituzte hemendik aurrera ere”. Sindikatuek azaldu duenez, bereziki bi elementuk kezkatzen dituzte: batetik, negoziazio kolektiboan Espainiako Estatuaren “marko inposatzailea mantentzeak” ez diela segurtasun juridikorik ematen EAEn zein Nafarroan negoziatutako hitzarmenei. “Langileen lan baldintzak hobetu ahal izateko Euskal Herrian gure negoziaketak egin nahi ditugu, inolako kanpoko injerentziarik gabe”. Bestetik, sektorekako lan hitzarmenen “prebalentziaren inguruko tranpa” aipatu dute. “Eskatzen duguna da, lan hitzarmen sektorialak bere osotasunean minimoak izatea, enpresako lan hitzarmenen gainetik; ez soilik soldatetan, elementu guztietan baizik”.

Bestalde, balizko lan erreforma berrian langileen kaleratze prozedurak ez dituztela aldatu salatu dute sindikatuek. “2012an izugarri lausotu ziren kaleratze objektiborako kausak; kaleratzea merkatu egin zen, administrazioaren kontrola ezabatu egin zuten eta tramitazio soldatak kendu egin zituzten”. Kaleratze erraza langileengan “prekarietatea eta ziurgabetasuna” eragiteko tresna dela adierazi dute, eta azaldu dute horregatik ezarri diola patronalak betoa horren aldaketari. Halaber, eskubide berriak lortzeko aukera “galdu” egin dela jakinarazi dute: “Bereziki larria da etxeko eta zaintzako langileak gainerakoekin parekatzeko neurririk ez jasotzea erreforman, horiek Gizarte Segurantzako erregimen orokorretik kanpo utzita eta oinarrizko eskubiderik ez duten egoeran utzita”.