Euskal Pilota Egokituko XII. Gipuzkoako Txapelketan parte hartuko dute Zumaiako pilotariek

Juan Luis Romatet 2022ko urt. 28a, 10:14

Larunbatean hasiko da Euskal Pilota Egokituko XII. Gipuzkoako Txapelketa, Amasan; bi lehia izango dira: adimen urritasuneko teniseko paleta txapelketa, eta gomazko paleta txapelketa gurpil aulkian; Gipuzkoako hainbat herrik hartuko dituzte txapelketako partidak.

Euskal Pilota Egokituko Gipuzkoako Txapelketa bi lehiaz osatuko da: batetik, adimen urritasuna duten kirolariena; eta, bestetik, urritasun fisikoa duten kirolariena. Lehendabizikoek paletaz jokatuko dute, teniseko pilotarekin, banaka zein binaka; eta bigarrenek gomazko paletaz, gurpil aulkian.

Pagazpe, Mindara, Zarautz eta Zumaia klubeko pilotariak ariko dira txapelketa honetan. Iaz, COVIDaren eraginez, ateak itxita jokatu ziren partidak; aurten ikusleek partidak aurrez aurre jarraitzeko aukera izango dute.

Larunbatean hasi eta maiatzera arte iraungo du txapelketak. Gipuzkoako hainbat herrik hartuko dituzte txapelketa honetako jardunaldiak: Amasa-Villabona, Donostia (Añorga), Errenteria, Asteasu, Idiazabal, Andoain, Zarautz eta Zumaia. Buruz-buruko finalak martxoaren 12an jokatuko dira, Idiazabalen. Eta bikotekako txapelketaren finalak zein gurpil aulkikoena, berriz, maiatzaren 14an, Zumaian. Erantsitako dokumentuan ikus daiteke txapela iragartzen duen kartela.