"Beste boxeolariekin borrokatzeak eskarmentua ematen du ringean"

Juan Luis Romatet 2022ko urt. 27a, 11:55

Klubeko sei boxeolari igoko dira bihar ringera kluben arteko borrokaldietan lehiatzera. 50 lagun baino gehiago dabiltza gaur egun boxeo eskolan.

Zumaia Cuban Boxing klubeko boxeatzaileek bihar izango dute urteko bigarren borrokaldia, Anoetako gimnasioan (Donostian) egingo den kluben arteko boxeo saioan. Pasa den asteburuan izan zuten lehen saioa, Donostian baita ere, eta Zumaiako klubeko lau boxeolari igo ziren ringera; biharko jardunaldian beste bi arituko dira hamasei sokaren artean lehian.

Boxeo klubeko arduradun Ruben Arredondo kubatarra pozik da elkarteak urte hauetan izan duen hazkundearekin. "Urteekin lehiaren arloa garatzen joan da, eta lehiatu nahi duten gero eta gazte gehiago ditut. Mutil hauek animatu egin dira, lehia zer den probatu nahi dute, eta hori ere garrantzitsua da. Klubak inoiz baino borrokalari gehiago ditu, eta ea joaten garen lehiaketetarako gure ekipoa sortzen", azpimarratu du La Habanan jaiotako boxeolari ohiak.

Pandemiak hala behartuta, gimnasioen edo kluben arteko borrokaldiak ikuslerik gabe egiten dituzte. Arredondoren ustez, COVID-19ak eragindako izurriteak atzerapauso bat suposatu du boxeoarentzako, baina, denborarekin, leheneratzen ari dela azaldu du. "Boxeolariek, behintzat, izan zuten iaz lehiaketetan aritzeko aukera. Orain denboraldi berriari ekin diogu, kluben arteko edo gimnasioen arteko borrokaldiekin, eta lehiaren alde hori ere ari gara lantzen. Laster txapelketekin hasiko gara". Gipuzkoakoa otsailaren amaieran edo martxoan egingo dela uste du kubatarrak.

Borrokaldietan aritzea, nahiz eta txapelketa ofizialak ez izan, boxeolarientzat beraientzat garrantzitsua dela uste du Arredondok. "Gimnasioan aritzen direnean beti jende berarekin dabiltza. Ondo dago beste boxeolari batzuekin borrokan egitea, beste sentsazio batzuk, beste esperientzia batzuk izateko. Horrek eskarmentu gehiago ematen du ringaren gainean. Horregatik, intergym-ek prestatzeko balio dute, eta hori gazteentzako garrantzitsua da. Lehiatzeak segurtasun handiagoa ematen die boxeolari gazteei, kontrolatzen ikasten dute.

Borroketatik kanpo, bada denbora pasatzeko boxeoa praktikatzen duen jendea ere. Gaur egun, 50 ikasletik gora ditu Arredondok bere boxeo eskolan. Gazteak, helduak, mutilak, neskak. "Boxeoa oso kirol konpletoa da, eta arlo desberdinak lantzen ditu: indarra, bizkortasuna, koordinazioa, erresistentzia... Borroketatik kanpo, jende asko gozatzera etortzen da".

Hori guztia hala izanda ere, boxeoak oraindik ere kirol biolentoa izatearen zama du gainean. Uste hori aldatzen ari dela uste du  klubeko arduradunak. "Nik uste gero eta gutxiago pentsatzen dela modu horretan. Iragarki askotan jende ezagun asko agertzen da boxeoa praktikatzen, eta horrek ere ospe handiagoa ematen dio. Biolentoa den uste hori atzean uzten ari garelakoan nago. Kirol hau praktikatzera etortzen direnak disfrutatzera etortzen dira, gozatzera, ez du zergatik beste batekin kolpeka aritu beharrik. Horregatik ari da hazten kirol hau".

Borrokaldiak

Arredondok boxeo jaialdiak antolatu ditu azken hamarkada honetan. Pandemiak, baina, dena hankaz gora jarri zuen. 2019ko udaberrian egin ziren azken borrokaldiak Lubaki kiroldegian, eta egoerak uzten badu, behintzat, aurtengo udaberrian antolatu nahi ditu berriro. Horretarako, beharrezkoa ikusten du kirol jarduera jendaurrean egitea.

"Borrokaldi asko bertan behera geratu dira ikusleek ezin zutelako sartu. Borrokaldiak antolatzeak kostu bat du, eta sarrerekin estaltzen lagundu daiteke". Kubatarra positiboa da zentzu horretan, eta boxeoa udaberrian  bueltan izango dela uste du.