Hiru lagun hartuko dituzte kostako herrietan Euskaraldia dinamizatzeko

Aitziber Arzallus 2022ko urt. 25a, 13:30

Zarautzerako izango da bat, Zumaia eta Getariarako bestea, eta Aia eta Oriorako azkena. Hamar hilabeteko kontratua izango dute, egun erdira. Otsailaren 14rako eman beharko da izena.

Euskaraldiaren hirugarren edizioaren harira, lankidetza hitzarmena sinatu dute UKUE Urola Kostako Udal Elkarteak eta Euskaltzaleen Topaguneak. Hitzarmenaren muina da euskararen normalizazioaren bidean urrats bat gehiago ematea. Eta hitzarmenaren baitan, besteak beste, Urola Kosta eskualdean proiektua dinamizatzeko hiru langile kontratatuko ditu Topaguneak: bat Zarautzerako, bestea Zumaia eta Getariarako, eta azkena Aian eta Orion aritzeko.

Dagoeneko martxan daude hiru dinamizatzaileak aukeratzeko lehiaketak, eta otsailaren 14a izango da izena emateko azken eguna. Hautatuek hamarna hilabeteko lan kontratua izango dute, 2022ko martxoaren 1ean hasi eta 2022ko abenduaren 31ra artekoa, egun erdiko lanaldiarekin.

Langileen eginkizunak eta lanpostuen baldintzak

Kontratatuko diren hiru dinamizatzaileen eginkizun nagusia tokian tokiko Euskaraldia dinamizatzea izango da. Besteak beste, zeregin hauek bete beharko dituzte:

  • Herriko eragileei eta herritarrei Euskaraldia ekimena aurkeztu (elkarteak, enpresak, norbanakoak…) eta prestakuntza eskaini.
  • Euskaraldiko Batzordea eratu, ahaldundu eta indartzeko ekimenak garatzea eta dinamizatzea.
  • Tokian tokiko komunikazio plangintza bideratu eta ekimenak garatu.
  • Entitateen lanketa planifikatu eta garatu.
  • Herritarrak ahobizi/ belarriprest dinamikarako aktibatu eta prestatu.
  • Herritarren eta entitateen izen ematea antolatu.
  • Balorazioa eta aurrera begirako urratsak adostu herriko euskaltzaleekin.
  • Ekimenaren aurrekontua kudeatu.
  • Dinamizazioa: Antolatzaileen eta herriko boluntarioen lana koordinatu. Koordinazio orokorreko mintegi eta bileretan parte hartu eta ekimen orokorreko sustatzaileekin koordinatuta egon, baita eskualdeko gainontzeko dinamizatzaileekin ere.

Bestalde, hautagaiek bete beharreko baldintzak hauek dira:

  • Euskara maila egokia izatea (idatziz zein ahoz).
  • Deialdi bakoitzari dagokion herria(k) eta eskualdea ezagutzea.
  • Euskaltzalea izatea eta euskalgintzaren ezagutza izatea.
  • Jendaurrean eta jendearekin harremanetarako gaitasuna izatea.
  • Eragiletzarako gaitasuna izatea (ekimena herrian zabaldu eta ekimenera jendea erakartzeko abilezia).
  • Kudeaketarako gaitasuna izatea.
  • Komunikazio alorreko ezagutza izatea baloratuko da (sare sozialak, bideoen sorrera, webguneen kudeaketa, diseinua, ofimatika…).
  • Lanerako autonomia maila altua izatea ezinbestekoa da.
  • Ordutegi malgutasuna izatea ezinbestekoa da.
  • Gidabaimena eta autoa.

Argibideak eta izen-ematea

Lan-deialdietarako izen-ematea Lansarean webgunearen bidez egingo da:

Edozein kasutan, deialdiei buruzko argibideak jasotzeko edota curriculumak bidaltzeko ondorengo helbide elektronikoa ere eskuragarri dago: mikel@topagunea.eus