Erretratua

Galdona: abizena, burdindegia eta abar amaigabea

Jabi Gonzalez Toston 2022ko urt. 25a, 12:42

Arraroa egingo da egunak joan eta egunak etorri Mendaro Marinela kaleko lehen zenbakia pertsiana jaitsita ikustea. Azken 50 urteotan, igandeetan, jaiegunetan eta oporrak hartutakoan baino ez du itxi Galdona familiak Patxita Etxezarreta kalearekin izkina egiten duen denda, baina azaroa amaitu zenetik ez dute zabaldu, eta epe laburrean, behintzat, ez dute berriro egingo.

2021eko abenduko Baleike aldizkarian argitaratu zen erretratu hau.

1970ean estreinatu zuten, hasieran etxetresna elektrikoak saltzeko asmotan. Pare bat hamarkada geroago, ordea, burdindegi izatera pasatu zen; familiak ordura arte Erribera kalean (gaur egun Titare mertzeria dagoen tokian) izan zuen burdindegia itxi eta negozioa lekualdatzea erabaki ondoren.

Enpresa Jose Ramon Galdonak sortu zuen, baina haren alaba Maria Isabel eta Maria Luisa Galdona ahizpek egin dute denbora gehien dendan lanean. Lehenaren erretiroagatik erabaki dute, hain justu, denda ixtea. Familia enpresa da Galdona burdindegia, senitarteko guztiak aritu dira bertan lanean, noizbait. Maria Isabel Galdonari erreleboa emango dionik ez dago, ordea; horregatik, Jose Maria Korta industrialdean duten biltegi handia mantenduko dute soilik. Lekualdatuta dago hori ere; izan ere, lehen, Juan Belmonte kalean baitzuen familiak biltegia.

Burdindegia zabalik izan zen azken asteetan, erosketaren bat egitera gerturatutako bezeroetako askok hutsunea nabarituko zela esan zieten bi ahizpei: “Herritarrak denda beti zabalik aurkitzera ohitu dira, eta itxi egingo genuela jakitean, sorpresa hartu zuten. Penaz hitz egin digute orokorrean”, aitortu dute.

Oinarrizko beharretarako erreferentzia puntua izan da Galdona zumaiarrentzat, eskaintza zabala eduki dute beti: burdindegietan ohikoak diren iltze, broka eta tirafondoez gain, sukalderako tresna edota momentuan egindako giltzen kopiak saldu dituzte, besteak beste. Maria Isabel Galdonak oroitzen du “arrantzarako kainaberak” ere saldu izan dituztela. Ahizpa gaztearen arabera, herri txikietako ohitura da hori: “Lehen, burdindegietara jotzen zen edozer gauza erosteko, eta Galdonak identitate hori izan du. Dendara sartu eta denetik galdetu digute, ea orraziak saltzen ditugun, burko azalak, ur botilak...”.

Produktu guztiek ez dute harrera bera izan, noski. Erosi izan dituzte berehala agortuko zirela pentsatu baina azkenean kostata saldu dituztenak. Halaber, luzaroan inork nahi ez eta egun batetik bestera 3 edo 4 bider eskatutakorik ere izan da. Denda ixtear zirela saldu zuten teontzi batekin gertatu zitzaien, esaterako. “Bost hilabete egin zituen teontziak eskaparatean, eta saldu eta ordubetera, beste pertsona bat etorri zitzaigun teontziaz galdezka”, dio Maria Luisa Galdonak.

Modernizazioa

Aukerako produktuak ehunka izan arren, beti izan dituzte denak lokalizatuta, bakar batek ere ez die ihes egin. Duela lau bat urte informatizatu zuten guztia eta sekulako lana eman zien, dendan lanean aritu diren 28 urteetan egin behar izan duten “aldaketarik esanguratsuena”, bi ahizpen hitzetan. Bide batez, produktuetako batzuk erretiratzeko ere aprobetxatu zuten; baita lan egiteko modua aldatzeko ere, “erraztu egin genuen” diote. “Urte luzez eskura eman izan genien bezeroei behar zutena. Beraiek eskatu eta guk eman. Azken urteetan, ordea, hori aldatu eta jendeari produktuak hartu eta ikusteko aukera handiagoa eman genion. Dena den, egia da askok galdetzen jarraitzen dutela”, azaldu dute.

Internet bidezko salmentaren gorakada ere igarri dute Galdonan. Maria Luisa Galdonaren arabera, “orain edozer gauza eros dezakezu Amazonen, dena dago, eta etxeko ateraino eramaten dizute, gainera”. Belaunaldi gazteen artean errotuago dagoen ohitura da Sarean erostearena; dena den, ahizpa zaharrenak gaineratu du gazte asko joan zaizkiela beti, “giltzen kopiak egitera, batez ere”.

Pandemiak ere buru hauste latzak ekarri dizkie. Denda hainbat hilabetez itxita izan ondoren, osasun araudietara egokitu behar izan zuten berriro zabaltzeko aukera izan zutenean: bezeroei eskularruak eta maskara jartzea eskatu zieten dendara sartutakoan, pilaketak saihesteko kanpoan itxarotea, eta korridoreak zeharkatu eta sarrera eta irteera norabideak arautzeko zorua atondu zuten. Hala ere, azken lanegunera arte mantendu dituzten desinfekzio lanak egin zaizkie neketsuenak; izan ere, eguardiko atsedenaldian eta arratsaldean, denda goitik behera garbitu behar izaten zuten eta are gehiago luzatzen zitzaien eguneko lan jarduna.

Gainera, konfinamenduko unerik gogorrenetan herriko denda itxita egon zen, baina Korta industrialdeko biltegiak martxan jarraitu zuen, industria hornidurarako. Banatzen dituzten produktuetako batzuk herriko dendan zeuzkatenez, bertara joan behar izan zuen, tarteka, horretarako ardura hartu zuen Maria Luisa Galdonak.

Aro berria

Hain justu, herritik at dagoen industrialdeko pabilioi horretan jarraituko du aurrerantzean bi ahizpetan gazteenak; izan ere, laneko urte batzuk geratzen zaizkio oraindik erretiroa hartzeko. Zumaiarrek ere bertan izango dute aukera etxerako behar dituzten burdingintza produktuak erosteko, abisua igorri diete, eta Maria Luisa Galdonak berak dioenez, “batzuek adierazi digute etorriko direla”. Bera gogotsu dago ohitura berrietara egokitu eta bezeroak lantoki berrian hartzen jarraitzeko.

Maria Isabel Galdonak, berriz, dituen hiru bilobei eskaini nahi die orain lehen lanagatik eskaini ezin zien denbora. Hortik aurrera, ez daki zer egingo duen zehazki, baina argi du geldirik ez duela egon nahi. Era berean, badaki bezeroekiko harremanaren falta nabarituko duela.

Maria Isabel Galdona

  • Adina: 66 urte.
  • Ikasketak: batxilergo laborala.
  • Lanbidea: burdindegiko saltzailea.
  • Burdindegiko saltzailea ez banintz... Hizkuntzekin lotutako zerbait, beti izan ditut gustuko, ingelesa, batez ere.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut... Zinemara joatea.

Maria Luisa Galdona

  • Adina: 57 urte.
  • Ikasketak: BBB (Balioanizdun Batxilergo Bateratua) bigarren ikasturtera arte.
  • Lanbidea: burdindegiko saltzailea.
  • Burdindegiko saltzailea ez banintz... Musikari lotutako zerbait.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut... Ibiltzea, mendi bueltaren bat ematea.