Jai Alai Winter Series txapelketan lehiatuko dira Goikoetxea eta Lopez

Aritz Mutiozabal 2022ko urt. 22a, 14:00
Jai Alai Winter Series txapelketaren aurkezpena, Laga hondartzan. (Gernika Jai Alai Professional)

Goikoetxeak Aimar izango du bikote eta Lopezek, berriz, Arbe. B multzoan hartuko dute parte hasierako ligaxkan. Txapelketa datorren astean hasiko da eta finala martxoaren 20an jokatuko da.

Urte osoko jarraikortasuna izango duen zesta puntako zirkuitu bat ontzeko apustua egin du Gernika Jai Alai Professionalek, kirol honi sendotasuna eta bultzada emateko Euskal Herrian. Ahalegin horren lehen emaitza atzo eguerdian aurkeztu zuten Ibarragenluko Laga hondartzan: Jai Alai Winter Series txapelketa. Bertan elkartu ziren lehiakide guztiak; tartean, Imanol Lopez eta Iñaki Osa Goikoetxea.

Txapelketa handi bat dela nabarmendu duten antolatzaileek, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Laboral Kutxaren eta EITB Mediaren babesa duena. Sei bikote lehiatuko dira, bi multzotan banatuta, ligaxka formatuan. Bi pilotariak B multzoan ariko dira nor baino nor: Lopezek Jokin Arbe makina-xemeindarrarekin osatuko du bikoa, eta Goikoetxeak, berriz, Aimar Aldazabal berriatuarrarekin. Beren arteko norgehiagoken emaitzek erabakiko dute nor sailkatuko diren finalerdietara; hau da, puntu gehien lortzen dituzten bi bikoteek egingo dute aurrera.

Datorren astean abiatuko da Jai Alai Winter Series txapelketa, urtarrilaren 29an, Gernikako Jai Alai pilotalekuan, eta final handia martxoaren 20an jokatuko da, 12:00etan. Bitarte horretan, goi mailako puntisten bederatzi jardunaldiz gozatzeko aukera izango dute zaleek.

Partidak

  • Urtarrilak 31: Arbe-Lopez vs Beaskoetxea-Aldazabal, 19:30. ETB 1en 22:00etan
  • Otsailak 14: Goikoetxea-Aimar vs Beaskoetxea-Aldazabal,19:30. ETB 1en 22:00etan
  • Otsailak 28: Goikoetxea-Aimar vs Arbe-Lopez, 19:30. ETB 1en 22:00etan