73 kasu positibo izan dira Zumaian azken egunetan

Maria Maya Manterola 2022ko urt. 20a, 14:21

Datuek apaltzera egin dute, baina intzidentzia tasaren jaitsiera ez da kasu kopuruen jaitsieraren adierazle, aldatu egin baita COVID-19a detektatzeko Osakidetzaren protokoloa. Hego Euskal Herrian 2.816 kasu positibo zenbatu zituzten atzokoan.

Nabarmen jaitsi da kasu positibo kopurua Urola Kosta eskualdean. Hala baieztatu du Eusko Jaurlaritzak koronabirusaren bilakaeraren berri emateko plazaratutako txostenak: duela astebete 1.180 kasu positiboren berri eman zuten; gaur, 688 izan direla jakinarazi dute. Intzidentzia tasek ere beheranzko joera hartu dute, baina aipatzekoa da COVID-19a detektatzeko Osakidetzaren protokolo aldaketak datu horietan izan dezakeen eragina. Izan ere, urtarrilaren 10ean Gotzone Sagardui Osasun sailburuak jakinarazi zuen botiketako testetan positibo ematen dutenei ez dietela beste probarik egingo, kontaktu estu zaurgarrien kasutan salbu. Beraz, intzidentziaren jaitsiera ez da kasu kopuruen jaitsieraren adierazle. 

Zarautz izan da kasu positibo gehien zenbatu duten herria. Guztira, 208 kasu izan dira herrian, eta 5.152,70eko intzidentzia tasa dute –6596,14koa zen duela astebete–. Azkoitian 9229,74tik 5.574,56ra jaitsi da astebetean eta 116 kasu positibo zenbatu dituzte;  Azpeitian, 4.868,59 da tasa, duela astebetekoarekin alderatuta, ia erdia. Herri horretan 108 kasu izan dira azken hiru egunetan.

100 positibotik beherako langatik dago Orio (83), eta 6099,15tik 5.218,53ra jaitsi da tasa astebetean. Nabarmena izan da tasaren jaitsiera gainerako herrietan ere: Zumaian (73) 7743,97tik 4.813,27ra, Getarian (28) 8445,23tik 5.795,05ra, Aian (19) 6952,14tik  5.289,67ra eta Errezilen (lau kasu positibo) 5475,04tik 3.864,73ra. Beizaman ez dute kasu bakar bat ere zenbatu, baina 4.032,26ko intzidentzia tasa dute –5645,16koa zen joan den ostegunean–. 

Hego Euskal Herrian 2.816 positibo

Hego Euskal Herrian ere apaltzera egin dute datuek. Izan ere, 2.816 kasu positibo zenbatu zituzten atzokoan lau lurraldeetan; duela astebete 12.058 izan ziren. Erietxeetako datuek zertxobait hobera egin dute. Gaur gaurkoz, 718 paziente daude Osakidetzaren mendeko erietxeetan. ZIUetan, berriz, 122 pertsona daude, duela astebete baino hamalau gutxiago. Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, lurralde horretan 276 pertsona daude erietxeetan, horietatik 37 ZIUetan.