Korrikaren 22. edizioa apirilaren 8an igaroko da Zumaiatik

Julene Frantzesena 2022ko urt. 19a, 11:15

Goizaldean igaroko da Zumaiatik. Martxoaren 31n hasiko da Korrikaren 22. edizioa Amurrion (Araba), eta Euskal Herrian barrena ibilita, apirilaren 10ean Donostian bukatuko da.

AEK-k gaur jakinarazi du 22. Korrikaren ibilbidea, eta Zumaiatik apirilaren 8an, ostiralez, igaroko da. Zestoatik barrena iritsiko da herrira, eta Getariaruntz egingo du ondoren. Eguerdian igaroko da Errezildik, Azpeititik nahiz Azkoititik. 

Martxoaren 31n hasiko da Korrikaren 22. edizioa Amurrion (Araba), eta Euskal Herrian barrena ibilita, apirilaren 10ean Donostian bukatuko da. Ohi bezala, eskuz esku ibiliko da mezu sekretua daraman lekukoa 11 egunez.

Hitzekin izango da egitasmoaren leloa, AEKren arabera, “euskara hitzetatik ekintzetara eramateko unea delako”. Pirritx, Porrotx eta Marimotots omenduko dituzte aurtengoan, “egindako ibilbidean adierazi duten konpromisoagatik eta ekinagatik”. Korrikaren 22. aldiak iraungo duen 11 egunetan, 2.500 kilometro egingo dituzte parte-hartzaileek.

Honako hau da 22. Korrika eskualdeko herrietatik apirilaren 8an igaroko den ordutegia –honako lotura honetan ikus daiteke ibilbide osoa–:

  • Zestoa: 01:30ean.
  • Zumaia: 02:58an.
  • Getaria: 03:55ean.
  • Zarautz: 04:26an.
  • Orio: 05:21ean.
  • Errezil: 12:26an.
  • Azpeitia: 13:26an.
  • Azkoitia: 14:07an.

Korrika antolatzeko bilera

Zumaian Korrikaren 22. edizioa antolatzeko lehen bilera deitu dute dagoeneko. Urtarrilaren 27an, ostegunarekin elkartuko dira, AEK Igor euskaltegian, 18:00etan.