Puntu bat jaitsi da langabezia tasa Zumaian urtebetean

Andoni Elduaien 2022ko urt. 19a, 10:34

Lanbidek emandako datuen arabera, %7,5ekoa da egun Urola Kosta eskualdeko langabezia tasa. 2020ko abenduaren amaieran, berriz, %9,8koa zen. 2022. urtean sartu aurretik, 2.858 lagun zeuden lanik gabe eskualdean. Zumaian puntu bat jaitsi da, %9tik %8ra.

Urtebetean behera egin du langabezia tasak, Urola Kosta eskualdean. Lanbidek emandako datuen arabera, 2021eko abenduaren amaieran langabezia tasa %7,5ean kokatu zen. Urtebete lehenago, 2020ko abenduaren amaieran, 2,3 puntu altuagoa zen tasa (%9,8). Egun, eskualdeko langabezia tasa Gipuzkoako (%8,7) eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langabezia tasaren bataz bestekoaren (%10,7) azpitik dago. Modu horretan, behera egin dute hango langabezia tasek ere: Gipuzkoako tasa %9,8koa zen 2020ko abenduan, eta hiru lurraldeetako bataz bestekoa, %12,1ekoa.

Pertsona kopuruari erreparatuz gero, berriz, 2021aren amaieran 2.858 lagun zeuden lanik gabe. Langabe horietatik guztietatik 1.210 (iaz, 1.467) gizonezkoak ziren, eta 1.648 (iaz, 1.808) emakumezkoak. Lanik gabe zeuden emakumeen kopurua gizonena baino altuagoa zen eskualdeko herri guztietan, Errezilen izan ezik. Lanbidek zehaztutako adin tarteei erreparatuta, ostera, 2021eko abenduan 25 urtetik beherakoen artean 218 lagun –113 gizon eta 105 emakume– zeuden langabezian; 25 eta 44 urte bitarteko 1.177 herritar –452 gizon eta 725 emakume–; eta 45 urtetik gorakoen artean 1.371 lagun –606 gizon eta 765 emakume–.

Langabeziaren datuak sektoreka nolakoak diren ere zehaztu du Lanbidek: 128 ziren nekazaritza sektorekoak, 515 industriakoak, 124 eraikuntzakoak eta 1.717 zerbitzuetakoak. Horrez gain, 283 lagun zeuden lehendik enplegurik gabe. 

Zumaiari dagokionez, puntu bat jaitsi da langabezia tasa urtebeteko epean. %9ko tasa zuen 2020. urte amaieran, eta %8koa da 2021. urte bukaeran. Datu hauen arabera, 389 pertsona daude Lanbideko zerrendetan (iaz 438). Horietatik 159 gizonezkoak dira (iaz 182) eta 230 emakumezkoak (iaz  256). 

Eskualdeko datuak

Oro har, urtebetean langabezia tasak behera egin du eskualdeko herri ia guztietan; Beizama, Errezil eta Getaria dira salbuspen bakarrak. Bestalde, 2021eko abenduko langabezia tasa %7,5ekoa izan zen Urola Kosta eskualdean, 2020an baino 2,3 puntu baxuagoa (%9,8). Eskualdeko tasaren bataz bestekoa gainditzen dute Aizarnazabalek (%8,9), Azkoitiak (%8,1), Beizamak (%12,7), Zestoak (%8,6) eta Zumaiak (%8). Langabe kopuruak ere behera egin du urtebetean. 2020ko abenduan, 3.275 pertsona zeuden lanik gabe Urola Kostan, eta urtebete beranduago 2.858 zeuden.

Abenduan, eskualdean lanik gabe zeuden lagunetatik Honako hauek dira Urola Kostako langabezia tasak herriz herri:

  • Aia %4,7 (iaz, %6,2)
  • Aizarnazabal %8,9 (iaz, %13,2)
  • Azkoitia %8,1 (iaz, %9,1)
  • Azpeitia %7,5 (iaz, %9)
  • Beizama %12,7 (iaz, %8,5)
  • Errezil %6,6 (iaz, %5,7)
  • Getaria %6,8 (iaz, %6,7)
  • Orio %7,4 (iaz, %9,2)
  • Zarautz %7,3 (iaz, %8,4)
  • Zestoa %8,6 (iaz, %9,3)
  • Zumaia %8 (iaz, %9)