COVID funtsetatik eratorritako 338.347 euro jasoko ditu Zumaiako Udalak

Mailo Oiarzabal 2022ko urt. 18a, 17:53

Gipuzkoako Foru Aldundiak 62,9 milioi euro jaso ditu Espainiako Estatuak pandemiaren eraginek sortutako ezohiko gastuei aurre egiteko banatutako diru poltsatik, eta horietatik 25,1 milioi lurraldeko udalen artean banatzea erabaki du.

Hego Euskal Herriko erakundeek ezohiko diru ekarpena jasoko dute pandemiak aurrekontuetan eragindako kalteei aurre egiteko. Espainiako Estatuak eratutako COVID funtsetik eratorritako ekarpen horiek lurralde historikoen artean proportzionalki banatzea erabaki zuen Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak joan den abenduaren 28an, eta banaketa horren arabera, 188 milioi euro ziren, guztira, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa artean banatu beharrekoak, eta 62,9 milio eskuratu ditu Gipuzkoak.

Joan den astean, kopuru horren %40, 21,5 milio euro, lurraldeko udalerrien artean banatzea erabaki zuela jakinarazi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak. Banaketa hori ere modu proportzionalean egin du aldundiak, udalak finantzatzeko foru funtsa (UFFF) banatzeko erabiltzen dituen irizpideak jarraituz. Horrenbestez, Zumaiako Udalak COVID funtsetik eratorritako 338.347,24 euro jasoko ditu.

Osasuna, hezkuntza eta gizarte zerbitzuak bezalako "oinarrizko zerbitzu publikoak" indartzeko ez ezik, "beste eskumen batzuk baliatzeko ere" erabili ahalko dute udalek COVID funtsaren ekarpena, aldundiak azaldu duenez.