Kauldi Odriozolak hiru gol sartu ditu Bosnia-Herzegovinaren aurkako partidan

Juan Luis Romatet 2022ko urt. 17a, 20:03

Debuta egin du gaur Kauldi Odriozolak Europako eskubaloi txapelketan. Espainiako selekzioak Bosnia-Herzegovinaren aurkako partida jokatu du eta zumaiarrak hiru gol sartu ditu.

Hungaria eta Eslovakia artean antolatu duten Europako eskubaloi txapelketako hirugarren jardunaldia jokatu du gaur Espainiako selekzioak. Txekiar Errepublikari eta Suediari aurreko jardunaldietan irabazi ondoren, eta Main round izeneko faserako sailkapena dagoeneko eskuratuta, orain arte jokatzeko aukerarik izan ez duten jokalariei estreinatzeko aukera eman die Jordi Ribera hautatzaileak, Bosnia-Herzegovinaren aurkako partidan. 

Hautatuen zerrendan zegoen Kauldi Odriozola, eta titular moduan atera da pistara. Lehen zati osoa jokatu du zumaiarrak, eta hiru gol sartu ditu. Une batean bere golek mantendu dute Espainiako selekzioa bosniarrengandik hurbil. Beste bi gol sartzeko aukera ederrak ere izan ditu Odriozolak, horietako bat penaltiz, baina langarekin topo egin dute bere jaurtiketek.

Espainiako selekzioak ez du partidarik onena jokatu gaur. Bigun aritu da defentsan, lehen zatian bereziki, eta erasoan ere ideia garbirik gabe aritu da. Balkandarren erasoa oztopotu nahian, defentsa sistema aldatu du Riberak lehen zatiaren amaieran, 5-1 sistema ezarriz. Odriozola aurreratu moduan aritu da . Bigarren zatia ere hala hasi du, baina jokoa hasi eta gutxira eserlekuan eseri du hautatzaileak. Handik jarraitu du Bidasoako jokalariak Espainiaren garaipena (24-28).