Hazilan programaren saio informatiboa egingo dute ostegunean

Aritz Mutiozabal 2022ko urt. 18a, 09:00

Bertaratzeko UKUEk prestatu duen galdetegi bati erantzun behar zaio aurrez. Oraindik izena eman daiteke egitasmoan.

Datorren urtarrilaren 31n abiatuko dute Urola Kostako Udal Elkarteak antolatutako Hazilan programaren edizio berria. Egitasmoari buruzko xehetasun guztien berri emate aldera, bilera informatiboa deitu dute etzirako; Udal Elkartearen egoitzan izango da, aurrez aurre, 11:00etan hasita.

Aurkeztean saioan, egitasmoan zehar landuko duten edukien nondik norakoen berri azaltzeaz gain, izen-ematearen inguruko argibideak ere emango zaizkie bertaratzen direnei. Bileran parte hartu ahal izateko, aurrez izena eman beharko da horretarako propio prestatu duten galdetegia beteta.

Eskualdeko enpresa, langabe edota lana hobetu nahi duten 20 eta 44 urte bitarteko, eta goi mailako ikasketak dituztenei bideratuta dago Hazilan. Langabeen kasuan, laneratzen laguntzeko balio du programak, eta lanean ari direnen kasuan, beraien lan aukerak hobetzeko. Plaza mugatuak daude –gehienez 16 lagun–, baina oraindik badago izena emateko aukera, UKUEren egoitza elektronikoan. Zehaztutakoa baino pertsona gehiagok izena emango balu, hautaketa prozesua egingo luke udal elkarteak.

Argibide gehiago jasotzeko, 943-89-08-08 telefono zenbakira deitu daiteke edo hazilan@urolakosta.eus helbide elektronikora idatzi.