Talaia jatetxekoak ezin izan du zaldi apustua irabazi

Mailo Oiarzabal 2022ko urt. 17a, 08:10

Azkoitiko Txibilterren zaldiak 86 plaza eta 1,20 metro osatu zituen atzo Azkoitian jokatutako lehian, eta alde nabarmena atera zion 67 plaza egin zituen zumaiarrari. 3.000 euro zituzten jokoan desafioan.

Atzo eguerdian Azkoitiko Gurea pilotalekuko probalekuan izandako lehian etxeko apustularia izan zen garaile, Txibilterren zaldiarentzat izan baitzen zaldi apustua.

Ikusle asko elkartu ziren Gurean. Azkoitiko Txibilterrek eta Zumaiako Talaia jatetxeak 3.000 euro zituzten jokoan, ordu erdiko lanean zeinen abereak plaza gehiago egin, eta azkoitiarraren zaldia aise antzera nagusitu zen desafioan.

Apustuaren atariko pisaketaren ondoren zozkatu zituzten txandak, eta Txibilterri egokitu zitzaion apustua irekitzea. Ordu erdian 86 plaza eta 1,20 metro osatuta bukatu zituen lanak Azkoitikoaren zaldiak, Joxe Luis Idoatek eta Xabier Egiak itzain lanetan gidatuta.

Marka ona ezarri zuen Txibilterrek, eta erreferentzia hori haustera atera ziren jarraian Talaia jatetxekoak, baina bigarren aritzearen abantaila alferrikakoa izan zen haientzat: 67 plaza justu egin zituen Zumaiakoen zaldiak, irabazlearen markatik urruti, Javier Elordui eta Axier Alegria itzainekin.