Uholdea: arazoa ez da ibaian hasten

Baleike 2022ko urt. 15a, 19:00
IƱaki Antiguedad eta Ane Zabaleta (Tere Ormazabal/EHU).

Ane Zabaleta EHUko ikertzaile zumaiarrak honako artikulua idatzi du Iñaki Antiguedad ikertzailearekin batera unibertsitate publikoaren webgunean. EHUko Hidro-Ingurumeneko Prozesuak talde kontsolidatuko kideak dira biak.

Uholdeez serio hitz egiteko urek bare behar dute ibaian izan, bazterrak urpean direnean bestelako premiak direlako, babes zibilekoak. Hala ere, urak lasaitzen direnean, arriskua joana delakoan, zertarako kezkatu? Hurrengoa izan arte. Oroimen mugatukoak gara, zoritxarrez. Edozelan ere, gure inguruko lurraldeetan uholdea da natura-gertaerarik ohikoena. Eta mende hau ezaugarritzen duten ziurgabetasuna, erresilientzia eta iraunkortasuna gogoan gizarte gisa ikasi beharko genuke arriskuarekin bizitzen, denboran hurbil ez denean ere. Ikasi, bai, kultura kontzeptua arriskuetara zabalduz. Are gehiago klima-aldaketara egokitu behar dugun honetan, aldaketa horrek ohikoago egingo baititu uholdeak eta gaurko lurralde-antolamenduak ohikoago kalteak.

Kontua, baina, zera da: uholdeak berriro gertatzean berriro entzuten ditugula kexa berak. Nago ni kaltetu izan direnek eskubidea ez ezik betebeharra ere badutela protesta egin eta kalte-ordainak arintasunez konpentsatzea eskatzeko, bai horixe, baina argi utzita ere kaltetua izateak ez diola, berez, inoren ikuspuntuari arrazoi gehiago ematen, ez horixe. Hortaz, arriskua kudeatzen eta kalteak arintzen frogatzen da zenbateraino den gizartea erresilientea.

Uholdeak gertaera konplexuak dira, kausetan eta ondorioetan ere. Jakina, euri-jasa handiak eta etengabeak izan gabe ez ziren uholdeak gertatuko, baina izanda ere ondorioak oso bestelakoak izango ziren kasu batean eta bestean. Parean jarri baino ez dago orain hamarkada batzuetako ibaiertzeko argazkiak eta azken urtetakoak, hartzen dugun ibai-arroa hartzen dugula ere.

Irakurri artikulua osorik.