Azken erailketa matxistaren aurrean aski dela esan du dozenaka herritarrek

Onintza Lete Arrieta 2022ko urt. 15a, 10:27

Astelehenean aurkitu zuten ustez bikotekideak hil duen Sara Pina tuterararren gorpua, eta erailketa salatu zuten atzo iluntzean herritarrek Matxismoak hiltzen gaitu, aski da! lelopean.

Zumaiako Mugimendu Feministak deituta, dozenaka herritarrek salatu zuten atzo iluntzean Saregileen plazan Euskal Herrian izan den azken erailketa matxista.

Astelehen goizean, 38 urteko Sara Pinaren gorpua aurkitu zuten Foruzaingoak eta suhiltzaileek Tuteran, Iruñea pasealekuko etxe batean. Labanaz egindako zauriak zituen hilotzak sabelaldean. Emakumearen senarra izan da hasieratik susmagarri nagusia, eta Boisredon herrian (Frantzia) atxilotu zuten asteazken eguerdian. Ikerketaren tesi nagusia da senarrak hil zuela emakumea, baina Tuterako epaitegiak ikerketa sekretupean jarri du.

Zumaian ez ezik, beste hainbat herri eta hiritan salatu dute hilketa matxista. Zarautzen ere atzo egin zuten elkarretaratzea –Orioko mugimendu feministak bertaratzeko deia egin zuen–, eta Azkoitian eta Azpeitian, egun batzuk lehenago atera ziren kalera herritarrak.

Argazkiak: Maria Maya Manterola.