Darahli Elkarteak janari bilketa kanpaina egingo du aurten ere Zumaian

Juan Luis Romatet 2022ko urt. 15a, 11:00

Euskal karabanarako janari bilketa egingo du Darahli elkarteak datorren astean. Eskoletan egingo da lehenbizi, eta herri mailan datorren asteburuan.

Saharako herriaren aldeko Euskal karabana abian da aurten ere, Piztu itxaropena lelopean. Ekimen honen helburu nagusia saharar herriari ahalik eta elikagai gehien eramatea da, Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpalekuetan pairatzen duten elikagai eskasia asetzeko nahian.

Honako produktuak jasoko ditu Darahli elkarteak: atuna eta sardina latak, azukrea, konpresak, lekaleak, pasta, dilistak, arroza eta kadukatu gabeko sendagaiak.

Bilketa bi mailatan egingo da: urtarrilaren 19tik 21era herriko ikastetxeetan; eta urtarrilaren 22an, goizez zein arratsaldez, herri mailan. Eroski, BM eta Dia supermerkatuetan jarriko dituzte elikagaiak eta bestelako produktuak biltzeko mahaiak.