Tuterako hilketa matxista salatzera deitu du Mugimendu Feministak

Maria Maya Manterola 2022ko urt. 13a, 14:15

Biharko (ostirala) deitu dute elkarretaratzea, astelehenean Tuteran jazotako hilketa matxista salatzeko. Saregileen plazan izango da, 20:00etan.

Tuteran gertatutako hilketa matxista gaitzesteko elkarretaratzea deitu dute biharko Euskal Herriko hainbat txokotan. Zumaiako Mugimendu Feministak ere salatzera deitu du: bihar, ostirala, 20:00etan izango da protesta, Saregileen plazan, Erasorik ez erantzunik gabe! Autodefentsa feminista! lelopean. 

Astelehen goizean, 38 urteko emakume baten gorpua aurkitu zuten Foruzaingoak eta suhiltzaileek Tuteran, Iruñea pasealekuko etxe batean. Labanaz egindako zauriak zituen hilotzak sabelaldean. Emakumearen senarra izan da hasieratik susmagarri nagusia, eta Boisredon herrian (Frantzia) atxilotu zuten herenegun eguerdian. Ikerketaren tesi nagusia da senarrak hil zuela emakumea, baina Tuterako epaitegiak ikerketa sekretupean jarri du.

Zumaiako Udalak ere gogor salatu du gertaera, Mugimendu Feministaren deialdiarekin bat egiteaz gain, herritar guztiei dei egin die protestan parte hartzera.