Orduan bai

Do, re, mi…

Imanol Azkue Ibarbia 2022ko urt. 16a, 09:00
Zumaiako musika banda (Zumaiako Fototeka).

Gure attitta Jeronimo zenak, afaldu aurretik, terrazako eskaileretako koskan eserita musika banda entzuten zuen entseatzen, udaletxearen ondoko lokalean, eta eskuarekin markatzen zuen ondo ezagutzen zituen piezen erritmoa, gazte zeneko garaiak gogoan; nik, berriz, ez dakit zuri bat eta beltz bat bereizten, are gutxiago pentagramakoa irakurtzen, eta solfeora behin eraman ninduen amak, eskutik helduta ia arrastaka, Jeronimo Egañarengana; hurrengo egunean ez nintzen bueltatu. Baina zer gauza ederra musika banda jotzen entzutea, kalean aurrera.

Oker handirik gabe, esan genezake zumaiarrak daudenetik egon dela musika gurekin, baina gaurko kontakizuna XIX. mendearen erdialdean hasiko dugu; izan ere, hauxe zioen Pascual Madozek, Zumaiako banda zela eta: “También se ha formado en 1848 y 49 una música de aficionados que es, a no dudarlo, de las mejores de la provincia”[1]; geroago, Udalak musika tresna berriak erosi zituen, 1866an, aurrekontuetan 2.000 erreal gordeta: “se consigne en dicho presupuesto la cantidad de dos mil reales para la adquisición de los instrumentos con el fin de establecer la música”[2]. Aurretik, paper ofizialetan, badaude, ordea, musikaren beste erreferentzia ugari: 1780an, agintariek gogorarazpena bidali zuten herrietara, ezin zela egin dantzarik elizetan eta beste leku sakratuetan (beraz, egiten ziren seinale, eta dantza baldin bazegoen, musika ere izango zen); San Pedro egunean ezpata dantzariak izaten ziren; elizkizunetan eta jaiegunetan musika jotzen zuten, eta, adibidez, 1862an, Diputazioak euskal kanten piezak bidali zizkion Udalari, eta zinegotziek erabaki zuten elizako organistari ematea: “que se entreguen al organista Don Jose Maria Cincunegui las diez piezas de canciones vascongadas”[3]. Gainera, banda baino lehenagotik bazegoen danbolin jolea (“tamborilero”), eta pentsatzekoa da hark txistua ere joko zuela; Udalak urteko soldata ematen zion, eta jaietan jo beharra zeukan, “todas las fiestas de primera clase o de incienso, pues para ello abona este Ayuntamiento mil doscientos reales”[4].

Zumaiako musika banda (Zumaiako Fototeka).

Baina bandara bueltatuta, nola eratu zen? Hasteko, instrumentuak ikasteko mutilak izendatu zituzten (bai, neskarik ez). Debako Javier Uraini eskatu zioten etortzeko laguntzera, eta hark zazpi bidaia egin zituen Zumaiara gazteekin aritzeko; zuzendari izatea ere eskaini zioten, baina ez zuen onartu. Banda hark, ordea, ez zuen askorik iraun, Gerra Karlista etorri zelako (1872-1876 artean) eta deseginda geratu zelako. Gero, berriz ere osatzeko ahalegina egin zuten: “restablecer la charanga que existía en esta villa antes de la guerra”[5]. Baina udal ordezkariak ez zeuden gustura, nonbait: “seguidamente se trató con detención del mal comportamiento de la música y después de un detenido examen se acordó que desde luego debía recogérseles los instrumentos y reinstalarla poniendo para el efecto un reglamento especial”[6]. 1878an zenbait herritarrek udaletxeko bigarren solairua eskatu zuten, musika emanaldietarako: “Se dio lectura de una instancia de varios individuos de esta población sobre el pedido del Salón del piso segundo de la casa consistorial para la temporada veraniega con el fin de dar algunos conciertos para que se distraigan los forasteros y se acordó acceder a tan justa pretensión”[7].

Txistulariak Oikian (Zumaiako Fototeka).

Paperetan begiratuta, Udalaren eta musikarien arteko harremanak ez ziren beti onak eta gozoak izan, oso ikuspegi desberdinak zeuzkatelako betebeharretan eta eskubideetan: ordainsaria zenbatekoa, noiz eta nola jo, zer pieza edo musika jo (soltean edo helduta dantzatzeko, kanpoko piezak edo euskaldunak…), musikariak libre zeudenean beren kasa kontzertuak emateko baimenak (udatiarren festa pribatuetan, adibidez), beste herri batzuetara joateko aukera... Horiek guztiak zirela eta, sesio ugari izan ziren, Udalak araudiak egiten zituen (aurrekoak betetzen ez ziren seinale); sarritan banda deseginda geratzen zen, baina atzera berehala eratzen zen. Gatazkaren erakusle, 1919an, hauxe prentsatik hartutako zita bat: “Entzun det emengo eresbatzakuak [bandakoak] ez daudela pozik Udala’k ordaintzen duan txindigaz [diruarekin] ta oporketa [greba] egiteko asmoetan izan bear dutela. Mutillak, obe dezute elkar aitu edo konpondu orretara jo baño len. Eta hurrengo aldiz enparantzan jotzen dezutenean ia gure aberriko eresi [musika] ederrak dituzuten!”[8]. Ondo ere konpontzen ziren, ordea, batez ere azaroaren 22aren bueltan: Santa Zezilia zela eta, egun horretan eskupekoa ematen zien Udalak musikariei, bazkaritarako.

Musika banda Erribera kalean aurrera, atzetik prozesioa duela (Zumaiako Fototeka).

Zumaiako banda ona izango zen, nonbait; izan ere, lehiaketetan parte hartzeko gonbidatzen zuten eta herri askotatik deitzen zioten: Eibartik, Azpeititik, Lekeitiotik… Joan ere, sarri joaten ziren herri horietara. Bandarekin edo musikarekin erlazionatutako bitxikeria asko ageri dira agirietan: 1900an, Euskal Jaiak prestatzeko, musikariak animatzeko, entseguetan ardo pixka bat jartzeko erabakia hartu zuen Udalak, eta egun hori pasatuta ere, 1901ean, eta udarari begira hobetzeko, astean arroba bat ardo ematea erabaki zuten; 1903an, Leandro Zabala musikariak Zumaiako Udalari pasodoblea eskaini zion (“Del paso doble que el músico Don Leandro Zabala dedica a este Ilustre Ayuntamiento; se recibió con agrado”[9]), eta gero irakasle eta bandaren zuzendari ere izan zen, 1913ra arte; 1920an, udal agintariak kexu ziren, bandaren emanaldietan musikari batzuek instrumentuak jotzen baino denbora gehiago pasatzen zutelako dantzan; 1931n, Estatutua onartzeko euskal udalen batzarra zela eta, Udalak erabaki zuen udalbatza osorik joatea, banda eta guzti, eta Estatutua onartu zenean, 1933an, banda kalera atera zen. Beste ospakizun batzuetarako ere eskatzen zuten bandaren presentzia, baina Udalak ez zuen beti baimena ematen; adibidez, Errepublikaren Egunean edo Maiatzaren 1ean pieza batzuk jotzeko (UGTkoek eskatzen zuten kontzertuaren amaieran Internazionala jotzeko). Bestalde, aipatu beharra dago 1908tik aurrera Udalak pianoa ikasteko bi beka ematen zituela, eta ikasleren batek utzi orduko, beste gazte batek hartzen zuela lekua. Azkenik, hona ekarri beharko dugu XX. mendeko Zumaiako musikari ezagunenetako bat: Gillermo Aizpurua Amas Txoritxiki (Zumaia, 1891-1960)[10]; zenbait musika tresna jo zituen bandan (flautina, saxofoia, dunbala…), baina batez ere txistulari aritu zen, eta irakasle ere bai; pertsona apala, umila eta ona zen; gaur egun Zumaiako musika elkarteak haren izena dauka.

Zumaiako musika banda. Gure attitta erdiko lerroan, ezker-ezkerrean. Tronboia, itxuraz, osorik dauka (Joxe Azkuek emandakoa).

1936ko Gerrak nabarmen eragin zuen musika bandan: frankistak herrian sartu aurretik, bandako 14 lagunek alde egin zuten. Bazeukaten zeinek jo, ordea: falangistek musika tresnak uzteko eskatu zioten alkateari, aurretik beste talde batzuek (karlistek, seguru asko) erabili zituztelako; baina alkateak ukatu egin zien: “se acordó negar la cesión de dichos instrumentos de música a la expresada entidad, y ordenar a los que actualmente las utilizan, que ningún instrumento de la Banda Municipal de esta Villa se saque de la Villa sin permiso del alcalde”[11].

Attitta Jeronimorekin hasi dut kontakizuna, eta haren izena ere aurkitu dut udal paperetan: “De la comunicación del Señor Director de la Banda de música por la que participa que el chico Juan Arrospe, le ha estropeado el trombón al músico Jerónimo Azcue”[12]. Gure amama Benturak ere ondo jotzen zuen ahoko soinua, abila zen “Andre Madalen” jotzen, baina haren izenik ez da ageri paperotan; emakumezkoak ez ziren sartu Zumaiako musika bandan 1980ra arte, eta 2013an, banda osatzen zuten 41 lagunetatik 18 emakumezkoak ziren; gaur egun (2021), 30-35 lagunetatik % 70 emakumezkoak dira. Aurreratu dugu zerbait, ezta? “Do, re , mi, hankaoker hori; fa, sol, la…”.

 

[1] MADOZ, Pascual: Diccionario Geográfico Estadístico Histórico de España y sus posesiones de ultramar, 16. liburukia, 678. or.

[2] ZUA, 73.01 (75), 1866-05-17an.

[3] ZUA, 72.02, 1862-10-31n.

[4] ZUA, 73.01 (261), 1870-08-14an.

[5] ZUA, 73.02 (24), 1876-04-06an.

[6] ZUA, 73.02 (61), 1877-09-14an.

[7] ZUA, 73.02 (82), 1878-07-29an.

[8] Euzkadi, 1919-02-20an.

[9] ZUA, 2830 (402), 1903-03-26an.

[10] Hari buruzko artikulua hemen: Baleike aldizkaria, 19. zenbakia, 1995eko abendua.

[11] ZUA, 2852 (199), 1936-12-19an.

[12] ZUA, 2835 (105V), 1911-09-14an.