Igandera arte aurkez daitezke lanak Gabonetako argazki lehiaketan

Maria Maya Manterola 2022ko urt. 13a, 11:30

Lehiaketa herrikoia da, eta beraz, ezin izango dute argazkigintzako profesionalek parte hartu. 2021-2022ko Gabonetan ateratako bi argazki aurkeztu ahal izango ditu parte hartzaile bakoitzak.

Amaitu dira Gabonak, eta amaitzen ari da Eguberrien bueltan urtero antolatzen den argazki lehiaketan lanak aurkezteko epea ere. Igandea (hilak 16) izango da 2021-2022ko Gabonetan hartutako bi argazki aurkezteko azken eguna. 

Lehiaketa herrikoia da, eta, beraz, argazkigintzako profesionalek eta epaimahaikideek ezin izango dute parte hartu. Zuzeneko argazkiak aurkeztu beharko dituzte, eta gutxieneko tratamendu digitalak onartuko dituzte –kolorea, fokuratzea, enkoadratzea, txuri-beltza edota biratuak–, baina ez fotomuntatzeak. Artxiboak JPG formatuan egon beharko dira, eta gutxienez 1 Mb eta gehienez 10 izan beharko dute. Fitxategiaren izena argazkiaren izenburua izan beharko da. 

Sari banaketa, otsailean

Lanak distiraelkartea@gmail.com helbidean jasoko dituzte. Ohartarazi dute beharrezkoa dela mezuaren gaian "Gabonak Zumaia lehiaketa" jartzea, eta mezu berean, lehiakidearen datuak –izen-deiturak, adina, helbide elektronikoa eta telefonoa– adieraztea. Artxiboen tamainagatik mezu bakar batean bidali ezin badira, bat baino gehiagotan bidali daitezke, beti ere, horietako bakoitzean lehiakidearen datuak eta gainerako baldintzak zehaztuta. Distira argazki elkarteko hiru kidek osatuko dute epaimahaia, eta otsailean egingo dute sari banaketa. 

Argazki onenaren egileak 150 euroko balioa duen bonoa jasoko du herriko saltokietan erabiltzeko. Bigarren saria eskuratzen duenak, berriz, 100 euroko bonoa jasoko du Gertu elkartearen eskutik. Parte hartzaile gazteak ere sarituko dituzte, 16 urtetik beherako parte hartzaileek aurkeztutako argazki onena ateratzen duenak 50 euroko bonoa eskuratuko baitu.

Parte hartzaile guztien artean, gainera, Juanjo Larrañaga harategian erabiltzeko 50 euroko erosketa bonoa zozkatuko dute.