96 ontzik parte hartuko dute Gipuzkoako Batel Ligan

Igande honetan hasiko da lehia Urumea ibaian, eta ordutegiak astero-astero jakinaraziko dituzten arren, Gipuzkoako Arraun Federazioak prest du egutegia. Zumaian, esaterako, otsailaren 12an izango dira batelak.

Igande honetan hasiko da Gipuzkoako Batel Liga, Urumea ibaian. Orduak astero-astero zehaztuko dituzte, baina egutegia prest du Gipuzkoako Arraun Federazioak. Guztira 11 jardunaldi izango dira apirilaren 3ra bitartean, eta 96 ontzik parte hartuko dute aurtengo ligan, emakumezkoen 47 ontzik eta gizonezkoen 49 ontzik.

Horietatik hamar batel Telmo Deunenak izango dira: infantil nesketan eta mutiletan bina ontzi izango dituzte, beste bina promesa nesketan eta mutiletan, eta jubenil mutiletan ere bi ontzi osatu dituzte.

Egutegiaren arabera, Zumaian jokatuko da ligako bosgarren jardunaldia, otsailaren 12an, larunbatarekin. Zarautzen eta Getarian ere izango dira batelak, biak martxoan.