Buruz buruko txapelketak jokatzeari uko egingo dio Imanol Lopezek

Juan Luis Romatet 2022ko urt. 11a, 11:10

Pasa den ostiralean Berriatuan jokatu zuen buruz buruko txapelketako finala modalitate honetan jokatzen duen azken izan daiteke Imanol Lopez puntistarentzat. Modalitate hau utzi eta binakakoan zentratzea erabaki du Lopezek. 

Pasa den ostiralean jokatu zuten Berriatuako frontoian buruz buruko txapelketako finala Aritz Erkiagak eta Imanol Lopez puntistek. Erkiaga nagusitu zen lehiatutako bi setetan. Partida honekin bukatu zuten 2021eko zesta-punta denboraldia, eta Lopezentzako modalitate honetan jokatzen duen azkena ere izan daiteke: buruz buruko partidei uko egitea erabaki du zumaiarrak.

"Nahiko justu ibili naiz aurten ere, baina ibilbidea luzatu nahi nuen, baita azken saiakera honetan emaitza on bat izan ere. Baina erabakia hartu behar nuen, eta nahiago du lasaiago hartu gaiak eta binakakoan zentratu", azaldu du Lopezek. Txapelketa honetan garaipena ez lortu izanak ez du izan, Lopezen esanetan, eraginik erabakian. "Finalera heldu naiz, eta asko gozatu dut, gainera. Baina, ikusi dut gorputza asko fortzatzen dudala buruz burukoan. 37 urte ere baditut dagoeneko. Iñakik [Osa Goikoetxea] buruz burukoa uztea erabaki zuenean, pentsatu nuen oraindik bazuela zer emana, baina konturatu naiz adin horretara heldutakoan asko igartzen dela. Asko gozatzen dut modalitate honetan, baina ezin da abusatu, gorputzean eragina izan dezakeelako". 

Datorren denboraldietara begira binakakoan zentratuko dela azaldu du puntista zumaiarrak. Oraingoz, behin 2021eko denboraldia bukatuta, atseden egun batzuk hartuko ditu, eta gero prestatuko da 2022ra begira. "2021a oso pozgarria izan da emaitzen aldetik, eta orain 2022a prestatzeko denbora hartuko dut. Daniako (Florida, Estatu Batuak) frontoia itxita, badirudi badagoela hemen zesta punta indartzeko proiektu bat", azaldu du Lopezek. 

Estatu Batuetan aritu zen Imanol Lopez zesta-puntan, eta gogorra egiten zaio han kirol izan duen bilakaera ikustea. "Oso tristea izan da. Izan ere, gure ezaguera, kantxako estabilitate hori, Estatu Batuetan ikasi dugu; guretzako eskola izugarria izan da: ordu asko sartu ditugu han jokatzen, sei egun astean, egunero lehiatzen maila handiko jendearen aurka. Han ikasitakoa ez da beste inon ikasten. Estatu Batuetara joateko aukera zenuen, bizitza txiki bat izateko, ikasteko, kulturalki burua irekitzeko… Orain arazoa da hemen inguruko gazteek ez dutela izango guk genuen hori. Niri pena ematen dit horrek. Zumaiako eskolan daudenek ez dute aukera hori dagoeneko. Hemen beste zerbait handiagoa sortzen bada, edo denboraldia luzatzen bada, aukera hori izango dute, baina guk kanpoan ikasteko izan dugun aukera hori ez dute izango".