'Petite maman' filmarekin hasiko da ostegunean neguko zine forum zikloa

Juan Luis Romatet 2022ko urt. 12a, 08:00

Gabonetako geldialdiaren ondoren, bueltan dira Ostarrena zine klubak antolatutako zine forum zikloak. Neguko zikloari ekingo diote ostegunean Aita Mari zinean, 'Petite maman' film frantziarrarekin.

Urtarriletik martxora bitarteko neguko zine forum ziklorako sei film aukeratu ditu Zumaiako zine klubak. Dramak izango dira hiruhilabeteko honetan nagusi, nahiz eta Hego Koreako thriller bati ere tartea egingo dioten. Otsailaren 9koa izan ezik –asteazkenean egingo da–, emanaldi guztiak ostegunetan izango dira, 19:00etatik aurrera.

Hasteko, Celine Sciamma zinemagile frantziarraren Petite maman filma emango dute. Lau lanek osatzen dute, gaur gaurkoz, Sciammaren filmografia, eta oihartzun handia lortu zuen orain bi urte Retrato de una mujer en llamas indartsuarekin. Txikia –72 minutu besterik ez ditu irauten– bezain handia da aste honetan Zumaian ikusi ahal izango den Petite Maman hau. Nellyk 8 urte ditu eta amona galdu du. Bere gurasoei ama hazi zen etxea husten laguntzen dien bitartean, bere inguruko basoa aztertzen du, bere amak txikitan jolasten zuen basoa. Han, Nellyk bere adineko beste neska bat ezagutu du, eta bien arteko berehalako loturak adiskidetasun ederra sortu du. Elkarrekin txabola bat eraikitzen dute basoan, eta, jokoen eta sekretuen artean, sekretu liluragarri bat argituko dute.

Martxoaren amaierara bitartean beste bost filma emango ditu Ostarrenak zine klub saioetan. 

  • Urtarrilak 27: El amor en su lugar (Rodrigo Cortes. Espainia, 2021).
  • Otsailak 9: Queridos camaradas (Andrei Konchalovski. Errusia, 2020).
  • Otsailak 24: Nido de viboras (Kim Yonghoon. Hego Korea, 2020).
  • Martxoak 10: La vida era eso (David Martín de los Santos. Espainia, 2020).
  • Martxoak 24: Libertad (Clara Roquet. Espainia, 2021).