169 positibo zenbatu dituzte Zumaian lau eguneko epean

Mailo Oiarzabal 2022ko urt. 10a, 18:24

1.255 positibo zenbatu dituzte eskualdean azken lau egunetan. Kopuru handietan jarraitu arren, aurreko eguneraketan hiru egunetan batutako zenbatekoa baino txikiagoa da oraingoa. Hala ere, intzidentzia metatuak gora egin du herri handi guztietan: Azkoitiak eta Azpeitiak 9.000ko langa gainditu dute.

Oso goian jarraitzen du SARS-CoV-2 birusaren transmisioak Urola Kostan eta Hego Euskal Herrian. Osakidetzak gaur plazaratu duen datuen eguneratzearen arabera, azken lau egunetan guztira 1.255 positibo zenbatu dituzte eskualdeko 11 herrietan. Aurreko eguneratzean, Errege egunean atera zutenean, aurreko hiru egunetan atzemandako 1.380 kasuren berri eman zuen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Beraz, kopuruak oso handia izaten jarraitzen badu ere, joan den astetik birusaren hedapena zertxo bait baretu dela esan daiteke.

Hala ere, hamalau eguneko 100.000 biztanleko tasak gora egin du beste behin herri handienetan. Zumaian 169 positibo zenbatu dituzte azken lau egunetan (34, 55, 46 eta 34) eta han ere gora egin du intzidentziak, 7.886ra iritsita. Azkoitian eta Azpeitian 9.000ko langa gainditu du tasa horrek. Azkoitiak Azpeitiari aurrea hartu dio, gainera: 9.296koa da gaur-gaurkoz intzidentzia tasa Azkoitian, eta 9.119koa, berriz, Azpeitian. Azken lau egunetan, 212 positibo zenbatu dituzte Azkoitian (68 ostegunean, 63 ostiralean, 57 larunbatean eta 24 igandean), eta 266 Azpeitian (101 ostegunean, 79 ostiralean, 63 larunbatean eta 23 igandean).

Positibo gehien, 381, Zarautzen agertu dira (86, 105, 107 eta 83, hurrenez hurren, ostegunetik igandera), eta 6.035era igo da intzidentzia metatuaren tasa eskualdeko udalerri populatuenean. Orion ere igo egin da intzidentzia (5.316), baina 5.000 biztanletik gorako herrien artean igoera apalena izan da Oriokoa; 77 positibo izan dituzte herri horretan ostegunetik igandera (13, 27, 14 eta 23).

5.000 biztanletik beherako herriei dagokienez, Getarian 55 positibo zenbatu ditu Osakidetzak (9, 32, 9 eta 5) eta 8.339raino igo da herriko intzidentzia tasa. Zestoan ere pixka bat igo da intzidentzia, 6.343n kokatuz; 50 positibo izan dituzte han aurreko lau egunetan (14, 20, 6 eta 10). Aian 27 positibo atzeman dituzte (6, 6, 12 eta 3) eta 6.095era igo da intzidentzia. Aizarnazabalen bost positibo azaleratu dira (bina ostegunean eta ostiralean, eta bat larunbatean) eta han 4.941era jaitsi da intzidentzia. Errezilen hamabi kasu zenbatu dituzte (sei ostegunean, bost ostiralean eta bat atzo), eta 5.797ra igo da hango intzidentzia. Beizaman, azkenik, ostiralean zenbatu zuten azken lau egunetako positibo bakarra, eta 4.032ko tasarekin, mantendu egin da han intzidentziaren datua.

10.037 positibo Hego Euskal Herrian

18.766 diagnostiko proba egin zituen atzo Osakidetzak, 3.770 proba egin zituen Osasunbideak, eta guztira 10.037 positibo azaleratu ziren proba horien ondorioz: 883 Araban, 4.087 Bizkaian, 2.761 Gipuzkoan, eta 2.246 Nafarroan. Osakidetzak atzo egindako diagnostiko proben %41,5 izan ziren positiboak, eta Nafarroan ia %60ra iritsi zen positibotasuna.

Nafarroan bi pertsona hil ziren atzo COVID-19ak jota. Eusko Jaurlaritzak, berriz, gaurko txostenean eguneratu du azken astean hildakoen kopurua: 50 pertsona hil dira tarte horretan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan COVID-19aren eraginez.

Erietxeetako egoerari dagokionez, COVID-19aren ondorioz 938 gaixo daude Osakidetzaren sareko ospitaleetan, eta horietatik 142 ZIUetan daude, joan den asteazkenean baino 20 gehiago. Nafarroako ospitaleetan 250 lagun daude COVID-19agatik ingresatuta, eta horietatik 31 daude ZIUetan.