Bihar ekingo die berriro elkarretaratzeei Pentsiodunen Mugimenduak

Amaia Urbieta Arruti 2022ko urt. 9a, 19:00

Ia lau urte daramate pentsionistek borrokan, eta salatu dute urte horietan gobernuek ez dituztela beraien "aldarrikapen premiazkoenak kontuan hartu". Asteleheneroko protestak berrartuko dituzte bihar. 

Bihar, astelehenarekin, hasiko dira berriro ere Hego Euskal Herriko herri eta hiriburuetako Pentsionisten Mugimenduak elkarretaratzeak egiten. Zumaian Saregileen plazan jarri dute hitzordua, ohi bezala, 12:00etan.

Pentsionisten Mugimenduak salatu du Espainiako Gobernuak onartu berri duen erreformarekin pentsionistek "erosteko ahalmena galdu" dutela.  Gaineratu dute "2011ko erreformaren aurretik aurreko urteko abenduko KPI" kontuan hartzen zela pentsioak egokitzerakoan, baina orain "urteko inflazioaren ertaina" aplikatu nahi dela. Onartu dute zuzenketa batzuen ondorioz elementu batzuk "partzialki positiboak" direla: "alarguntza pentsioan izatezko bikoteak aitortzea, salbuespenezko kasuetan atzeragina izatea, aldi baterako alarguntasun prestazioa bi urterako, pertsona ezinduek pentsioa eskuratzeko aukera hobetzea..."

Dena den, lege proiektu horrek pentsio sistema publikoa bermatzeko aukera galarazten duela iritzi diote. "Gure aldarrikapen garrantzitsuenak edo ez dira jaso, edo ez dute behar beste egin". Izan ere, erretiroa 67 urtera arte atzeratzea finkatu da, kalkulu-aldia 15 urtetik 25era igo dute, eta pentsio osoa kobratzeko kotizazio urteak 37ra igo dituzte. "Ekatzen ditugun hileko 1.080 euroen oso azpitik dauden gutxieneko pentsio miserableak betikotzen dituen erreforma da, genero-arrakalaren aurkako neurririk hartzen ez duena, 40 urte edo gehiagoko kotizazio karrerak dituzten pentsiodunentzako erretiro aurreratuak zigortzea ezabatzen ez duena". 

Horregatik guztiagatik, protestekin irmo jarraitzeko asmoa dute jubilatu eta pentsionistek. 

Larunbatean, manifestazioa

Hilaren 15erako, datorren larunbaterako, manifestazioak deitu dituzte Hego Euskal Herriko hainbat hiritan, pentsioen erreformaren aurka. Zumaiako mugimenduak Donostiako mobilizazioarekin bat egiteko deia luzatu du. Alderdi Ederretik abiatuko da protesta, 12:00etan.

Gainera, astelehenetik ostiralera Gipuzkoako Pentsiodunen itxialdia egingo dute Donostian. Asteartean, Tabakaleraren aurreko eskaileretan prentsaurrekoa egingo dute larunbateko mobilizazioa iragartzeko, eta agerraldira bertaratzeko deia luzatu diete Gipuzkoako pentsiodunei. Horrez gain, Urola Kostako pentsiodunak ostegunean Tabakalerara joango dira zenbait ekimenetan parte hartzeko.