Imanol Lopezek ez du buruz buruzko finala irabazterik izan

Iñigo Gaiton 2022ko urt. 9a, 15:00

Lopezek atzo jokatu zuen finala Aritz Erkiagaren aurka, eta galdu egin zuen lehiaketako azken partida. 11-12 eta 9-12 emaitzekin erabaki zen txapelketa. Lopez ez zen saria jasotzera atera, epaileekin izandako haserrearengatik.

Zesta puntako buruz buruzko txapelketaren finala jokatu zen atzo, larunbatarekin, Berriatuako (Bizkaia) frontoian. Aritz Erkiagak eta Imanol Lopezek jokatu zuten lehiaketako azken partida elkarren aurka, eta zumaiarrak ez zuen txapela irabazterik izan. Hala, Erkiagak buruz buruzko bigarren garaipena lortu zuen, Lopezen txapela kopurua berdinduz.

Sarrera guztiak salduta, harrera oso ona izan zuen partidak publikoaren aldetik, eta antolatzaileek azaldu dutenez, frontoian giro paregabea sortu zuen. Bi zestalariek ikuskizun bikaina eskaini zuten zaleen gozamenerako, eta jokatutako bi txandetan ez zen emoziorik eta tentsio unerik falta izan.

Aurrenekoan, gainera, polemika ere sortu zuen epaileen erabaki batek. Lopez ez zen konforme agertu haiek tanto batean erabakitakoarekin, eta haserretu egin zen. Haserrealdiak gero ere iraun zion zumaiarrari, eta partida amaitutakoan ez zen azaldu azpitxapeldunaren saria jasotzera.

Bi txandetan, hau izan zen tantoen hurrenkera:

1. txanda: 1-0, 1-1, 2-1, 2-2, 4-2, 4-3, 5-3, 5-5, 9-5, 9-7, 11-7, 11-11, 11-12.

2. txanda: 1-0, 1-1, 1-2, 2-2, 4-2, 4-4, 5-4, 5-7, 6-7, 6-8, 8-8, 8-11, 9-11, 9-12.