Leire Mendizabal eta Mikel Mendizabal, Getariako V. Pala Txapelketa Mistoko finalean

Iñigo Gaiton 2022ko urt. 9a, 13:00

Atzo goizean, larunbatarekin, jokatu zen Getaiko Gazte Asanbladak antolatutako lehiaketa. Hostaizka Etxeberria eta Aratz Lertxundi izan ziren garaile.

Goizeko bederatzietan hasi zuten atzo Getarian V. Pala Txapelketa Mistoa. Getaiko Gazte Asanbladak antolatu zuen ekimena, eta zortzi bikotek gustura jardun zuten lagunarteko lehian. Parte hartzaileen artean, getariarrez gain inguruko herrietako lagunak ere izan ziren; tartean, zumaiarrak.

Lehen ordutik eguerdira bitartean jardun zuten palaz jokatzen herriko frontoian, eta finala getariarren eta zumaiarren artean erabaki zen. Azkenean, etxekoen alde erabaki zen azken partida: Hostaizka Etxeberria eta Aratz Lertxundi izan ziren garaile, Leire Mendizabal eta Mikel Mendizabalen aurkako finala 16-14 irabazi eta gero.