Presoen eskubideen aldeko aldarriak zeharkatu ditu Zumaiako kaleak

Amaia Urbieta-Juan Luis Romatet 2022ko urt. 8a, 19:29

Beste urte batez, euskal presoen Euskal Herriratzea eta gradu progresioan dagoen blokeoa askatzeko aldarrikatu dute herritar ugarik. Pandemiaren egoera tarteko, herriz herri egin ditu aurtengo deialdiak Sare plataformak.

Jendetza atera da gaur kalera, presoen eskubideen defentsan. Izatez Bilbon egin ohi du manifestazio erraldoia Sarek urtero, baina pandemia egoeragatik deialdiak herriz herri egin dituzte aurten.

Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako zein Frantziako Gobernuei zuzendu zaie Sare gaurkoan. Eskubideak aldarrikatzeaz gain, euskal preso guztiak Euskal Herriratzeko eskatu du, baita gradu progresioan dagoen blokeoa askatzeko galdegin ere.

Manifestazioaren amaieran, bertsoa bota du Jon Maiak, eta Sareren testua ozen irakurri dute Izar Azkuek eta Beñat Lizeagak. Hala zioen, besteak beste: "Oraindik euskal presoen %50a Euskal Herritik kanpo diren espetxeetan dago. 3. gradua eskuratzeko edota irteera baimenak eta baldintzapeko askatasuna eskuratzeko blokeo sistemiko baten aurrean aurkitzen gara". Larriki gaixo diren hemeretzi preso daude oraindik euren osasunerako eskubidea urratuta dutenak. Eta zer esanik ez, adindun presoen edota motxiladun haurren eskubideei dagokienean. Salbuespen legeak erpin asko ditu eta benetako aldaketa batek guztiei eman behar die aterabidea".

Argazkiak: Juan Luis Romatet