Salgai daude urtarrilaren 15eko pilota partidarako sarrerak

Juan Luis Romatet 2022ko urt. 7a, 17:30

EPELen binakako esku pilota txapelketako partida jokatuko da urtarrilaren 15ean Aitzurin. Azken dekretua dela eta, Zumaiako pilotalekuaren edukiera murriztu egin behar izan dute. 

Azken dekretuaren ondorioz, eraikinen, aretoen eta kirol instalazioen aforoa %60ra jaitsi da. Zumaiako Aitzuri frontoiari dagokionez, pilotalekuak dituen ia 600 eserlekutik 410 bakarrik izango dira erabilgarri. Sarrera horiek bakarrik jarriko dira salgai hurrengo larunbatean, urtarrilaren 15ean, Aitzurin jokatuko den binakako esku pilota partidarako. 

EPEL ligako partida jokatuko da Zumaian, Elezkano II.a-Zabaleta eta Irribarria-Rezusta bikoteak izango dira lehian Aitzuriko kantxan. Aurretik, promozio ligako partida jokatuko dute Zabala-O. Etxeberria eta Salaberria-Erostarbe bikoteek. 

17:15ean hasiko da jaialdia, eta sarrerak 16:00etatik aurrera jarriko dituzte salgai frontoiko leihatilan. Aurrez erosi nahi dituenak, dagoeneko salgai ditu online. Sarrerek 25 eta 30 euro artean balioko dute, frontoiaren zonaldearen arabera.